Ondarroako Plaiko Zubiari buruzko erakusketa antolatu dute
Eguenean [abenduak 23] zabalduko dute eta urtarrilaren 9a arte egongo da zabalik. Zubiaren historiari eta honen ezaugarriei buruzko askotariko materiala egongo da ikusgai, maketa bategaz batera.
Plaiko Zubiak ondare modura duen balioa ezagutaraztea funtsezkoa dela iritzita, 1927an inauguratu zen azpiegituraren historiari buruzko erakusketa antolatu du Ondarroako Udal Kultura Sailak. Publiko zabalari zuzendutako erakusketa eguenean [abenduak 23] zabalduko dute eta urtarrilaren 9ra arte egongo da ikusgai Alamedako udal erakusketa aretoan, ondoko ordutegian: astegunetan, 18:00etatik 21:00etara eta, asteburu eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
Erakusketa “oso berezia” dela eta bertaratzen direnek Plaiko Zubiari buruzko askotariko informazioa eta materiala ikusteko aukera izango dutela aurreratu dute antolatzaileek. “Erakusketaren oinarria da Salbador Ariztondo Akarregi historialari ondarrutarrak Ondarroa 2001 urtekarian argitaratutako Ondarroako zaldain birakaria: izaera bereziko zubia izeneko artikulua. Orain egin duguna da artikulu hori asko laburtu, jendeak ulertzeko moduan; ez dugu astunegia izatea nahi izan, izan ere, erakusketa publiko zabalari dago zuzenduta”.
Erakusketa prestatzen luze aritu dira antolatzaileek; zehaztu dutenez, hilabeteak eman dituzte lanean. “Urtekarian argitaratutako artikulua oso mardula zen, xehetasun asko zituen, eta hori era soil batean azaltzeko asko laburtu behar izan dugu. Konplikatuena dena ondo laburtzea izan da. Oinarrizkoena jendeari erakusteko lan handia egin behar izan dugu Salvadorren beraren laguntzagaz”.
Erakusketa orain egiteko arrazoiak ere eman dituzte. “Zubia zabaltzeagaz batera inauguratu egingo zela pentsatzen genuen; inaugurazio hori girotzeko antolatu genuen berez erakusketa. Zubia inauguratzeko ekitaldirik egin ez denez, erakusketa orain egitea erabaki dugu. Halako datetan urtero erakusketa berezi bat egin ohi da erakusketa aretoan, eta honakoa egitea erabaki dugu”.
Erakusketa borobiltzeko, 1:27 eskalan propio egin duen maketa ikusgarria ere ipiniko dute ikusgai
Hamabi panel informatibotan banatuta zubiaren historiari eta honen ezaugarriei buruzko askotariko materiala egongo da ikusgai; euskaraz gain, beste lau hizkuntzatan agertzen da informazioa: katalanez, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. “Hainbat dokumentu eta datu interesgarri daude ikusgai zubia balorean ipintzeko helburuagaz. Oro har, zubiaren ibilbidearen historikoa jaso dugu, eta, horregaz batera, zubiaren ezaugarriak azaldu nahi izan ditugu. Ikusiko da zelako zubia den, zer nolako historia daukan, munduan antzerako zubiak non dauden, orain egin berri den erreplika buruzko informazioa… “.
Erakusketa borobiltzeko, gainera, Gabriel Arrizabalaga Larrinaga Ondarroako Astilleru itsasontzi modelismorako elkarteko kideak propio egin duen maketa ikusgarria ere ipiniko dute ikusgai. 2,5 metro inguruko luzera du maketak eta 1:27 eskalan dago eginda. “Xehetasun guztiekin egindako maketa da. Benetako zubiaren modura mekanismoak ditu eta hau ere zabaldu egiten da. Bertatik itsasontzi bat zelan igarotzen den ikusteko itsasontzi bat ere egin du Gabrielek eskalan”.
Erakusketagaz lotuta datorren urtean ekintza gehiago antolatzeko asmoa daukate antolatzaileek. “Hau guztia hasiera bat da. Gaiagaz lotuta beste hainbat gauza ere lantzen ari gara; erakusketak jarraipen bat izango du modu horretara. Joango gara jakitera ematen zer antolatu dugun aurrerago”.