Mutrikuko EAJk 2022ko aurrekontuan jasotzeko proposamen zerrenda aurkeztu du
Hamar puntu jaso dituzte. Aurreko agintaldian adostu ziren baina oraindik gauzatu gabe dauden hiru proiektuek "lehentasuna" izaten jarraitzen dutela ere esan dute.
Mutriku Udalak 2022ko aurrekontua hilabete honetako osoko bilkuran onartzeko asmoa duela ikusirik, hamar puntuko proposamen zerrenda argitara ematea erabaki du EAJren udal taldeak. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiak 2022ko aurrekontuari buruzko bilerak egiten aritu dira azken hilabetean, eta egin dituzten hiruzpalau bileretan “zenbait balorazio eta beste horrenbeste proposamen” aurkeztu dituztela esan dute.
Jose Angel Lizardi taldeko bozeramaleak ohartarazi du agintaldiko lehen bi urteetan gobernu taldeak oposizioko taldeei “proposamenak aurkezteko aukerarik eman gabe” onartu dituela aurrekontuak. “Bere aurrekontua aurkeztu eta onartu izan du, haien gehiengoa baliatua. Jarrera harro horren aurrean gure desadostasuna agertu genien”. Aurtengo aurrekontuari dagokionez, eta “kritikei amore amorez”, aurrekontuak adosteko ohikoa izan ohi den prozesu bati ekitea erabaki dute.
Proposamenei dagokienez, EAJren “lehentasuna” aurreko agintaldian udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek “adostuta” laga zituzten, baina oraindik gauzatu gabe dauden hiru proiektuek izaten jarraitzen dutela azpimarratu dute. Hiru proiektu horiek, zehazki, honakoak dira: Jose Maria Altzibar eta Musika Eskolaren arteko igogailua, Egaña frontoiaren estaldura eta San Agustin kalea berriztatzea.
EAJren udal taldeak aurkeztu duen proposamen zerrendan hiru horiek ez jasotzearen arrazoia ere eman dute. “Udalak konpromisoa hartu du 2022ko aurrekontuan jaso ezik, oraingoan gauzatzeko asmoa ere baduela “. Hiru proiektu horiek Mutrikurentzat “estrategikoak” direla diote, eta horregatik “hurbiletik” jarraituko dituztela esan dute “burutzeko agertutako borondatea hitz hutsetan gera ez dadin”.
Aipatutako hiru proiektu horiek “lehentasuna” badute ere, beste hamar proposamen aurkeztu dituzte:
- Plan Orokorreko arauen berrikusketa
- Haurtzaindegi berria
- Jose Maria Altzibar eta Gaztañeta kaleen arteko bigarren igogailu proiektua idazten hastea
- Hondartzako behin betiko kantinaren proiektua idazten hastea
- Atxitxin jaitsierako eskailerak berritu
- Samikollako haur parkea berritu
- Saturraranen, kartzela izandako lekuan, panel bidez memoria lekua prestatu
- Bakarrik bizi diren 80 urtetik gorakoei etxeetan ke detektagailuak jarri
- Mutrikun bizi diren migranteei euskal kulturara eta euskarara gerturatzeko ikastaro labur eta malguak antolatzea
- Auto elektrikoentzat karga puntuak ipini