Ugaitz Mugertzak jantzi du Euskal Duatloiko lehen txapela
Aizkolari mutrikuarrak estreinatu du Euskal Duatloiaren palmaresa; 32 minutu eta 31 segundoko marka eginda gailendu da, lehenengo txandan. Arkaitz Jauregi izan da bigarrena. Aratz Mugertzak zazpigarren amaitu du lehia.
Azpeitiko zezen plazan jokatu zuten eguenean [urtarrilak 6] aizkora eta korrika uztartzen dituen Euskal Duatloia, eta aizkolari mutrikuarra modalitate berriko lehen txapelduna bihurtu da. Sekulako erakustaldia emanda, lehen txandan 32 minutu eta 31 segundotan amaitu zituen lanak, eta atzetik etorri ziren bi txandetan inork ezin zuen berak ezarritako marka hobetu. Arkaitz Jauregik egin zuen bigarren denbora onena (33.39) eta Eneko Sarelegik hirugarrena (34.39).
Herri kiroletan halako proba konbinatu bat egin duen estreinako aldia izan da mutrikuarrarentzat, eta garaipena hurrekoei eskaini die. “Aitari, anaiari eta, nola ez, neskalagunari eskaini nahiko nioke garaipena, beti bere babesa ematen didalako. Atzo 59 urte egingo zituen nire amak, badakit gaur ere hor egon dela eta beretzako ere bada garaipen hau”.
Lanei dagokienez, txapelaren bila lehiatu ziren bederatzi kirolariek etzanda zeuden 45 ontzako launa enbor moztu behar izan zituzten lehendabizi, lau kilometro korrika egin behar izan zituzten ondoren -zezen plazari 40 buelta emanaz-, eta zutika zeuden beste 45 ontzako launa enbor moztu behar izan zituzten amaitzeko. Hiruna kirolariko hiru txandatan jokatu zuten txapelketa. Zozketak hala erabakita, lehen txandan aritu ziren Ugaitz eta Aratz Mugertzak anaiak; Aritz Irazabalekin batera ekin zioten norgehiagokari.
Aukeratzera ematekotan proba atzerago egitea nahiago lukeela dio mutrikuarrak. “Batzuetan besteen erreferentziak edukitzea kalterako izaten da, baina abantaila ere bada”. Mutrikuarra txapela janzteko hautagai sendoenetarikoa zen, eta hala erakutsi zuen. Aizkorako lehenengo lau enborretan erraz aritu zen. “Hasi aizkoran ez nintzen oso gustura aritu. Hotz handia zegoen eta hozminduta, nire gusturako baldar aritu nintzen, sentsazio nahikoa eskasekin”.
Korrika hasi eta berehala ikusi zen bere denbora oso ona izango zela; erritmo oso azkarrean aritu zen, lehen kilometroa lau minutu azpitik egin zuen eta erritmo horri eutsi zion ondorengo hiruretan ere. “Nire ezusterako ondo baino hobeto moldatu nintzen, eta bertan lortutako abantailari esker lortu nuen txapela”. Zutikako lanean ere ongi moldatzen da eta lortutako abantaila gehiago handitu zuen. Eroso menderatu zituen bere txandako bi aurkariak, 32 minutu eta 31 segundoko denborarekin ia bost minutu eta erdian gainditu zuen anaiaren denbora; 8 minutu pasatxo gehiago behar izan zituen Irazabalek lanak amaitzeko.
Behin bere lana amaituta, beste bi txandak amaitzeko zain egon behar izan zuen, aurkarien emaitzen zain. “Azken momentura arte sufritzea tokatu zitzaidan”. Bigarren txandan Eneko Saralegi, Julen Kañamares eta Ioritz Gisasola Zelai IV.a aritu ziren nor baino nor azkarrago. Aizkorako lehenengo lanean Mugertzaren denbora hobetu zuen Kañamaresek, baina korrika ezin izan zuen haren marka hobetu. Saralegi, ordea, hobetu moldatu zen korrika, eta Kañamaresi aurrea hartuta txandako buru izan bazen ere, ezin izan zuen mutrikuarraren erregistroetara hurbildu.
Arkaitz Jauregi, Oier Kañamares eta David Naredo, aldiz, hirugarren txandan aritu ziren. Naredok moztu zituen enborrak azkarren, baina Jauregik aurrea hartu zion korrikako saioan. Jauregi zen Mugertzaren denbora hobetu zezakeen bakarra eta emozioa egon zen ia amaierara arte. Mutrikuarraren denbora berdindu zuen aizkorako lehenengo lanean, baina mantsoago aritu zen korrika; minutu eta 9 segundora geratu zen eta beretzat izan zen azkenean bigarren postua.
SAILKAPENA
- Ugaitz Mugertza: 32.31
- Arkaitz Jauregi: 33.39
- Eneko Saralegi: 34.49
- Oier Kañamares: 36.37
- Julen Kañamares: 37.17
- David Naredo: 37.51
- Aratz Mugertza: 38.00
- Ioritz Gisasola: 39.39
- Aritz Irazabal: 40.33