Ondarroako Udalak iaz baino 141.500 euro gehiago edukiko ditu kudeaketarako
2021eko abenduko osoko bilkuran eman zioten onespena EH Bilduren zinegotzien aldeko botoekin. Hirigintza eta Ongizate batzordeetara bideratuko dute aurrekontuaren zati handi bat.
2022rako 11.656.058,45 euroko aurrekontua onartu du Ondarroako Udalak; iazkoagaz alderatuta 141.496 euro gehiago edukiko ditu herriaren kudeaketarako. 2022ko udal aurrekontuak oinarri bi dituela adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Alde batetik, herritarrei ez dietela zergarik igoko eta, bestetik, oinarrizko zerbitzuen aurrekontuetan (ongizatea, berdintasuna, euskara…) ez dela inolako murrizketarik egingo azpimarratu du tokiko agintariak. Gaineratu du aurrekontuan bi oinarri horiek betetzea “lehentasuna” izan dela udalarentzat.
Azken urteekin alderatuta, gainera, aspaldiko aurrekonturik goiztiarrena izan da. “Azken urteetan lortu nahi izan duguna lortu du aurten udal gobernuak: urtea amaitu baino lehen prest eta onartuta izatea aurrekontua, horrek dakarren onura guztiekin. Besteak beste, horrek eragingo du inbertsioetarako diru gehiago eta diru hori eskuragarri arinago edukitzea, edo herriko taldeei diru laguntzak arinago bideratzea”.
Batzorde bakoitzean zehaztuko da alor bakoitzeko aurrekontua nora bideratu: “Batzordekideen iritziak kontuan hartuko dira, eta horren arabera ezarriko dira alor bakoitzeko proiektuak eta lehentasunak. Horiek gero alor bakoitzeko zinegotziek dauzkaten proposamenekin kontrastatuko dira”. Hirigintza eta ongizate batzordeetara, esaterako, aurrekontuaren ia %40 bideratuko da. 2.272.237 euro bideratuko dituzte Hirigintza batzordera eta beste 2.267.000 euro Ongizatekora.
Udalak eskuartean dituen gainontzeko proiektuen exekuzioagaz 2021 urteko likidazioa egin ostean hasiko direla aurreratu dute
Batzorde horietan egingo dira, hain zuzen, inbertsio nagusiak ere. Inbertsioetarako guztira 707.415,77 euro gorde ditu udalak; gutxi gorabehera aurrekontuaren %6 bideratuko dute atal horretara. Augustin Zubikarai enparantza eta Artabide batzen dituen eskailerak eraberritzea izango da atal horretako proiektu nagusienetako bat. Konponketak egiten 127.960,04 euro inbertituko dituzte. Txori Erreka urbanizatzeko bigarren faseak ere inbertsioetako aurrekontuaren zati handi bat eramango du; 148.814,73 euro gorde dituzte gasa eramateko lanen bigarren faserako.
Artibai egoitzan, berriz, teilatua konpondu eta igogailu berria ipiniko dituztela azaldu dute. 100.000 euro gorde dituzte teilatua konpontzeko eta beste 80.000 euro igogailu berria ipintzeko. HAPOgaz jarraitzeko ere diru sail bat gorde dute; laugarren fasea gauzatzeko 78.771 euro bideratuko dituzte. Udal liburutegiko funts bibliografikoa handitzea ere aurreikusi du udalak; 15.870 euro gorde dituzte horretarako.
Inbertsioetan aurreikusita agertzen ez badira ere, udalak eskuartean dituen gainontzeko proiektuen exekuzioagaz 2021 urteko likidazioa egin ostean hasiko direla aurreratu dute. Hortxe kokatu dituzte, besteak beste, KamiƱazpi auzoko goiko aldeko etxebizitzetara doan igogailu publikoa eta Errenteriako zubia eraberritzeko proiektua.