Ondarrutarren arma baimenen erregistroa berrituko du Udaltzaingoak

Ondarroan indarrean dagoen udal ordenantzan oinarrituta, Udaltzaingoak herritarrek dituzten arma baimenen erregistroa gaurkotzeko asmoa agertu du. “Azkenengo ordenantzaren arabera, 2022an sartzearekin batera zerrenda hori gaurkotu egin behar da”. Adierazi dutenez, astelehenetik [urtarrilak 17] aurrera baimen horietako bat daukaten herritarrei banan-banan telefonoz deituko diete udaltzainek, aurretik dituzten datu horiek guztiak gaurkotzeko.
Zehaztu dute datorren astean egingo dituztela dei horiek guztiak. “Eguneraketa astebetean eginda edukitzea espero dugu. Epe hori igaro ostean norbait deia jaso barik balego, Udaltzaingoaren bulegora bertaratzeko edo deitzeko gomendatzen diogu. Baimena atera berri daukatenei ere gomendio bera egin nahi diegu, euren datuak erregistratuta geratu daitezen”.