Egunotan hasiko dituzte Ondarroako Txori Errekako goiko aldera gasa eramateko lanak
Antzosoloko etxeen paretik hasi eta Txori Errekako 32. zenbakiraino doan tartean egingo dituzte lanak; eragina edukiko dute zirkulazioan.
Udal iturriek zehaztu dute Txori Errekako urbanizazio proiektuaren II. faseko lanak direla. 141.632,22 euroko aurrekontua daukate, eta lau hilabate inguru iraungo dute. Gas hornidura eramateko hoditeria gaur egun espaloia dagoen tokian joango dela aurreratu dute: “Hau da, behetik goranzkoan, eskumako aldean”. Lanak, gainera, beste urbanizazio lan batzuk egiteko baliatuko dituzte. “Gas hoditeria sartutakoan espaloia berritzeko eta argiteria berritzeko ere baliatuko dituzte lanak”.
Guztira, 204 metroko luzeran egin behar dira lanak, eta zirkulazioan eragina edukiko dute. Ahalik-eta eragozpen gutxien sortzeko, 102 metroko bi tartetan banatuko dituzte. Mutrikurantz doan bidea zirkulazioarentzat moztuta egongo da; zabalera horretan langileak eta oinezkoak ibiliko dira. Mutrikutik Ondarroaranzko bidean, ostera, semaforo bidez arautuko dute ibilgailuen joan-etorria. Gaineratu dutenez, portu paretik datozenentzako itxita egongo da Antzosoloko biribilgunea. “Zubi Barriko biribilguneraino joan beharko dira Mutrikuko norantza hartzeko”.