"Erantzun bikaina" eduki du Ondarroan egindako jai Transmaribollu ez mistoak
Jaiari buruzko balorazio oso positiboa egin du Lea-Artibai eta Mutrikuko Transmaribolluk taldeak. Otsailaren 6an Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean batuko dira.
Zisheteropatriarkatuari sue!!! lelopean, Lea-Artibai eta Mutrikuko Transmaribolluk taldeak antolatutako lehendabiziko jaia egin zuten zapatuan [urtarrilak 15] Gaztetxean. Eskualde mailan saretzea sustatzea eta bultatzea zen jaiaren helburua, eta nahi hori bete egin zela esan dute antolatzaileek. Jaiari buruzko balorazio oso positiboa egin dute. “Saretzea sustatzeko eta bultatzeko abiapuntu ederra izan zen jaia. Zoragarri joan zen dena; giro bikaina egon zen eguerditik hasita. Jaiak erantzun bikaina eduki zuen eta oso pozik gaude. Bateko eta besteko ekintzetan 40 bat lagunek parte hartu zuten; eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratutakoei”.
Eguerdian Gaztetxe aurrean batu ostean, jolas poteoaren aitzakian hasi ziren jai giroan murgiltzen. Eguraldia lagun, askotariko jolasak egin zituzten. “Kalea hartzeko aukera edukitzea ederra izan zen guretzat. Egunkariaren dantza edo zapi jolas kolektiboa egin genituen, besteak beste. Alamedan, berriz, arropa katearen jolasa ere egin genuen. Jolasen bidez elkar ezagutzeko aukera paregabea izan genuen”. Bazkaltzera joan aurretik talde argazkia ere atera zuten Plaiko Zubian. “Guretzat historikoa izan zen talde argazki hori. Esanahi berezia dauka”.
Bakoitzak etxetik ekarritako bazkaria jan ostean asanblada egin zuten Gaztetxe kanpoan; askotariko gaiak eta etorkizunera begira dituzten asmoak aztertu zituzten. “Bidelagunak gehitzen doaz. Asanbladara jende berria gerturatu zen, eta pozik gaude”. Hurrengo batzarraren data ere ezarri zuten bertan. Otsailaren 6an Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean batzeko asmoa agertu dute; 18:00etan ipini dute hitzordua. “Bilera irekia izango da. Nahi duen guztia bertaratzeko gonbidatuta dago. Bileren dinamika honi jarraipena emateko asmoa daukagu”.
Kontzertuekin eman zieten amaiera jaiari. No name: Tiriti! musika taldeak eta Bakailuak saltsan, Pronombre neutro eta Kika1000 DJek publiko zabala erakarri zuten Gaztetxera; bertaratu zirenak 01:00ak arte gerriak astintzen ibili ziren. “Giro oso ona egon zen Gaztetxeko ateak itxi arte”.