Salgai daude Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Mutrikuko emanaldirako sarrerak
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Kuikui ikuskizuna eskainiko dute domekan [urtarrilak 23] Mutrikuko kiroldegian, udalak antolatuta. Pailazoek ikuskizun bakarra eskainiko dute, eta 12:00etan hasiko den saiorako sarrerak salgai daudela iragarri dute; sarrerak Internet bidez eskuratu ahal dira Mutrikuko Udalaren webgunean. Jakinarazi dute erabiltzaile bakoitzak ezingo dituela erosketako hamar sarrera baino gehiago erosi eta ume bakoitzarekin heldu bakarra joan ahalko dela. “Heldu bakoitzarekin gehienez hiru haur joan ahalko dira”.
Prezio ezberdineko sarrerak egongo dira aukeran: kantxako sarrerak 6 euro balioko ditu, harmailetako sarrerak 5,5 euro eta harmailetako lehen ilarako eta izkinetako eserlekuek 5 euro. Esan dute azken eserleku horiek ikuspegia zer edo zer murritzagoa dutela. Azpimarratu dute ikuskizuna ikustera sartzeko zehaztutako baldintzak ezinbestean bete beharko direla.
Ikuskizunean plastikoz betetako itsasoak ikusi ahal izango dira Txo Mikmak txikiaren, balearen eta urpean hegan dabilen pinguinoaren begietatik. Era berean, Tider migranteak Afrikatik Baionara iritsi nahiko du, baina Txilipitok debekatuko dio; gauez hegan egiten duen Ontzak lagunduta bere helburua lortzen saiatuko da. Ilargi baserritarrak eta Margarita Oiloa ere ikusi ahal izango dira saltoka hegan ikuskizunean; koloretako arrautza berezia errungo du. Txitakolorea jaioko da, Kuikui, munduari kolorea eta adorea emango diona. Pailozoek ere kuikui txorrotxioa egingo diote munduari, euskaratik eta euskaraz, munduko txorrotxioen sinfonian.