Mutrikuko Udalak iaz baino 633.481 euro gehiago edukiko ditu kudeaketarako
2022rako 8.064.136 euroko aurrekontua onartu du tokiko erakundeak. Abenduko ohiko osoko bilkuran eman zioten onespena EH Bilduren eta B+Iren babesarekin.
Aspaldiko aurrekonturik goiztiarrena izan da. “Gutxienez badira hamasei urte ez dugula urtea bukatzen hurrengo urteko aurrekontua onartuta”. Urtea amaitu baino lehen “prest” edukitzea “oso positiboa” dela esan dute, eta horri esker inbertsioetarako dirua arinago eskuragarri edukitzea posible izango dela esan dute.
Aurten ere gerakinetik egingo dituzte inbertsio nagusiak; proiektu horiek guztiak 2022an gauzatu nahi dituzte. Gerakinaren diru kopurua oraindik zehazterik ez badago ere, 3 milioi euro ingurukoa izan daitekela esan dute. “2021eko likidazioa egiten denean zehaztu ahal izango da kopurua, baina diru horrekin guztiarekin inbertsio guztiak gauzatzea espero dugu. Proiektu horietako gehienak gauzatzeko, gainera, diru laguntzak jasotzea ere espero dugu”.
Aurreko urteetan onartu baina oraindik gauzatu gabe dauden bost proiektu gauzatzeko asmoa erakutsi dute: Iriagirre kalea urbanizatu eta igogailua eraikitzeko, Egaña pilotalekuari estalkia ipintzeko, Dentici gunea urbanizatzeko, Jose Mari Altzibar kaleko igogailua eraikitzeko eta Urazamendiko espaloi ondoko malda egonkortzeko lanak egingo dituztela zehaztu dute.
Dentici gunean, esaterako, bi solairuko aparkaleku bat eraikitzeko asmoa dago
Aurrekontuan bost lerro zabaldu dira, proiektu bakoitzarentzat bana. “10 eurorekin ireki da bakoitza, gerakinaren erabilera posible denean lehenengotik ekiteko. Proiektuetako asko eguneratu egin dira; idatzita daude, eta batzordeetan aurkeztuta eta onartuta. Gerakina zenbatekoa den zehazten den unean bost lerro horietara egingo dira lehenengo mugimenduak. Prozedura gerokoan eman beharreko pausoak errazteko egin dugu horrela. Hori egin ostean, lanak esleitzea izango da azken pausoa”.
Dentici kontserba fabrikaren hozkailu zaharra zegoen eremuan, esaterako, hogei bat ibilgailurentzako tokia izango duen bi solairuko aparkaleku bat eraikitzeko asmoa dago. “Iaz prestatu genuen proiektuan, gainera, gunea urbanizatzeko lanak ere jaso dira. Atzeko etxebizitzetara ailegatzeko eskailerak daude, eta irisgarritasuna bermatzeko, aldapa daukan beste bide bat proiektatu da”.
Auzotarrek egindako eskaerak kontuan hartu ostean, Egaña pilotalekuan estalkia ipintzeko proiektua ere eguneratu egin dute. “Idatzita dagoen proiektu berrian estalkiak frontoi guztia estaliko du. Lehengo proiektuan aterpea zuen frontoi ireki bat geratzen da, baina, orain, alboetatik ere ingurua itxi egingo da. Era berean, estalkiari inklinazioa eman diote Azkiaga aldera; bai atzera eta bai albo batera jaitsiera gehiago edukiko du auzoko jendeari ikuspenean ahalik-eta kalte gutxien eragiteko”.