Miren Josune Ariztondo ondarrutarrak Carmelo Etxenagusia aipamena jasoko du
Ander Manterola, Juan Mari Uriarte eta Angel Mari Unzuetagaz batera jaso du izendapena. Ekitaldia urtarrilaren 26an egingo dute, 11:00etan, Bilboko BBK aretoan.
Aitortza elizbarrutiko kultur erakundeen mahaitik sortutako egitasmoa da, eta euskal kultura eta fedea zabaltzen egindako lana saritzeko sortu ziren. Aipamenagaz kulturgile eta politikari ondarrutarrak egindako “ibilbide oparoa” saritu nahi izan dutela esan dute. Ondarrutarra Labayruko laguntzailea da aspalditik eta Artezkaritzako kidea da; aipamena emateko garaian kulturan, euskaran eta hezkuntzan egindako ekarpena hartu dituzte kontuan.
Ariztondogaz batera, beste hiru ere sarituko dituzte. Ander Manterola Labayruren sortzailea eta erakundeko zuzendaria ere sarituko dute tartean. “Euskara eta euskal kultura jagon eta zabaltzeko lana” aitortu nahi izan dizkiote sariagaz.
Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain eta Labayru erakundearen sortzaile eta bultzatzaileetako bat izandakoak esan dute “arrazoi askogatik” merezi duela halako aitorpena. “Kulturgintzan egin duen bidea ez da makala eta gizarte lanaren, pakearen eta bizikidetzearen alde agertu izan da beti. Besteak beste, Bizkaiko Elizan bakegintzearen, fedearen eta kultur sustapenaren arloan egindako ekarpenagatik jasoko du saria”.
Aipamena 2015ean eman zuten estreinako aldiz
Angel Mari Unzueta, berriz, hil ostean sarituko dute, “kulturaren eta euskararen alde, besteak beste, egindako beharragatik”. Unzuetak ere Labayrugaz harreman estua eduki zuen; udako ikastaroetan irakasle ibili zen eta euskalgintzan eragile eta kulturaren bultzatzailea ere izan zen. “Herri Irratiaren sasoitik uhinen bidez euskara zabaltzeko ahalegina egin zuen Eleizbarrutiaren baliabideak erabiliz. Bilboko gotzaitegiko bikario nagusi ere izan zen”.
Aipamena 2015ean eman zuten estreinako aldiz. Urte hartan, Benito Ansola lekeitiarra, Felix Garcia Olano eta Gurutzi Arregi omendu zituzten. 2018an, ostera, Jose Angel Ubieta, BegoƱa Andonegi mundakarra eta Martzel Andrinua ziortza-bolibartarra saritu zituzten.