Peña II.a eta Albisurentzat izan da Markina-Xemeingo puntua
Iazko txapeldunordeek txapelketako bosgarren puntua eskuratu dute Laso eta Imaz 22-14 mendean hartuta; elkarren segidan lortu duten laugarren garaipena da.
Frontoi bete jendek jarraitu zuen zapatuan [urtarrilak 22] Unin jokatu zen EPELen Eskuz Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldia. Bigarren sailkatuei irabazita, puntu garrantzitsua eskuratu zuten Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk. Sailkapenean postu bat gora egin dute, eta bosgarren daude 5 puntugaz. Unai Lasok eta Ander Imazek, ostera, sailkapen taulan postu bat behera egin dute; bigarren postuan daude, 6 puntugaz.
Partida nahikoa pareko hasi zuten (0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-4, 5-4, 5-5); bi bikoteak bolada on batetik zetozen, eta argi laga zuten ez zutela nahi jokoan zegoen puntuak ihes egiterik. Gorriek, gero, ihes egin zuten markagailuan, eta 9-5 joan ziren irabazten. Baina eduki zituzten aukerak ez zuten baliatzen jakin, eta abantaila hori galduta, urdinek 9na berdintzea lortu zuten. Partida hortik aurrera apurtu egin zen, eta urdinak jaun eta jabe izan ziren une horretatik aurrera.
Albisu nagusitzen hasi zen atzean. Imaz nekatzeko nahigaz, denbora guztian jokoa atzean egin zuten, Lasori ahalik eta pilota gutxien eskura uzteko eta jokoan sartzeko aukera gutxi utziz. Peña, gainera, oso eraginkor egon zen, asko sartu zen jokoan eta errematean ondo baliatu zituen; Albisu babesteko asmoz pilota asko moztu zituen airez, eta zortzi tanto egin zituen jokoan, hiru saketik. Falta bat egin zuen sakez.
Gorriek ahaleginak eta bi egin zituzten markagailua berdintzeko, baina urdinek erraz bideratu zuten partida 22. tantora ailegatu arte. Lasok erasoan galdutako eta txapan jotako pilotakada bategaz amaitu zen neurketa.
Peña, oro har, oso pozik agertu zen erakutsitako jokoagatik eta sailkapen taulan lortutako puntu garrantzitsuagatik; Albisuk atzean egindako “ikaragarrizko” lana azpimarratu zuen partida amaieran. “Asko eman dio, Imaz oso atzean eduki du, eta nik aprobetxatu egin dut”. Ondo jokatu bazuen ere, akats bat edo beste egin zuela aitortu zuen. “Oro har, partida ona izan da, baina errepikatu behar ez diren hiru huts larri ere egin ditut”.
Arerioak kantxan nagusi izan zirela aipatu zuen Lasok. “Albisuk asko eman dio pilotari eta gero Peñak aurrean asmatu egin du. Lehenengo egunean ere esan nuen frontoi hau Albisurentzako modukoa dela; metro bat altuagoa eta metro bat zabalagoa da. Hasieratik izan da nagusi eta ezinezkoa izan da aurre egitea”.
EPELen Eskuz Binakako Txapelketako partidaren aurretik Bengoetxea VI.aren agur partida jokatu zuten. Aitor Elordik eta Iñigo Bikuñak osatutako bikote urdinak erraz irabazi zuen; 22-10 mendean hartu zituzten Oinatz Bengoetxea eta Andoni Aretxabaleta.
Leitzarrak, zoritxarrez, min hartu zuen partidaren amaieran; aurkariek 10-19ekoa egin zutenean ezker iztondoko minagaz atera zen kantxatik, eta partida amaitzea lortu bazuen ere, min hartuta dagoela baieztatu du Baiko enpresak. Zapatuan [urtarrilak 29] Labriten jokatzekoa den profesionaletako azken partida, beraz, airean geratu da. Proba medikuen zain, aurrelariak aitortu du zail ikusten duela astebetean sendatzea.
Agur berezia. Partidaren amaieran, Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeak eta Markina-Xemeingo Udalak Bengoetxea VI.a omendu zuten bere ibilbideagatik. Uni pilotalekuan batutako pilotazaleek txalo artean agurtu zuten Leitzako pilotaria. Pasilloa egin zioten esku pilota taldeko gazteenek eta Alexander Aretxabaleta zinegotziak herriko produktuekin osatutako saski bat eman zion opari Markina-Xemeingo herriaren izenean.