Enpresei digitalizazio arloetan proiektuak bultzatzen laguntzeko programa abiatu dute
Debabarreneko enpresek egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik daukate.
Debegesak abiarazitako egitasmoak Debabarrena PYME Digitala izena dauka. Egitasmoaren arduradunek esan dute Industria 4.0 eta digitalizazio arloetan enpresek dituzten beharrak identifikatzea eta teknologia horiek ezartzeko prozesuan laguntzea dela helburua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 4.0 industria eredutik abiatuta, eta lurralde garapenerako programaren esparruan, 2022rako deialdia zabalik dago. Zehaztu dute soilik eskualdeko lau enpresari lagunduko diotela. “Izena ematen duten lehenengo lau enpresei eskainiko zaie aholkularitza zerbitzua”.
Parte hartzeko edo informazio gehiago jasotzeko interesa duten enpresek pymes@debegesa.eus helbide elektronikora mezu bat bidali edota 943-82 01 10 telefono zenbakira deitu dezakete. Zerbitzua doakoa da, eta digitalizazioa eta 4.0 industriaren garapena azkartzeko eta bultzatzeko prozesuaren iraupena hiru hilabetekoa izatea aurreikusten dute. “Programan parte hartzen duten enpresei laguntza pertsonalizatua emango zaie; laguntza pertsonalizatu hori lantaldearekin egingo da, lauzpabost saiotan”.
Doako zerbitzuak honakoak eskaintzen ditu:
- Enpresaren egoeraren analisia.
- Proiektuen identifikazioa eta lehenespena.
- Proiektuen garapena.
- Hornitzaile/aliatu egokien identifikazioa.
- Proiektuen jarraipena.
- Laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzeko informazioa.