Mutriku B+I koalizioak angula babesteko neurriak hartzea proposatu du
"Galtzeko arrisku larrian" dagoen aingira europearraren ('anguilla anguilla') eta angularen kirol arrantza udal eremuan behin-behinean debekatzeko aukera aztertzeko eskatu dio udal gobernuari. "Eskatzen dugun neurria ez da betirako, urte batzuetarako baino; espeziearen egoera berreskuratu arte mantentzeko eskatzen dugu".
Eguenean [urtarrilak 27] udalbatzak egingo duen osoko bilkuran aztertu eta bozkatuko dute Berdeak Independenteak herri plataformak babestutako Angulan arrantzari moratoria mozioa. Eskaera, berez, abenduko ohiko osoko bilkuran aurkeztu zuten, baina EH Bilduk eta EAJk eskatuta, hilabete atzeratu dute bozketa. “Gaia sakonago aztertu nahi dutela eskatu ziguten. Txosten zientifikoa bidali genien, baina hobeto hausnartzeko informazio gehiago behar dutela esan ziguten”.
Mozioa onartuko balute, gaiari buruzko eztabaida hasi eta Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatuko liokeen lehen udalerria izango litzateke Mutriku. Koalizio ekologistaren iritziz, erakunde publikoek arrain espeziearen “iraunkortasunaren aldeko urratsak” eman behar dituzte. “Mozio honen helburua gaiari hedapena eta bultzada ematea da. Komeniko litzateke beste herrietan ere antzeko mozioak sartzea, angula ez dadin betiko desagertu. Espero dugu eztabaida bera beste udalerri batzuetako osoko bilkuretan errepikatzea”, azaldu du IƱigo Agirre Berdeak Independenteak herri plataformako ordezkariak.
Angula desagertzea saihestu nahi bada, irizpide zientifikoei jaramon egitea beharrezkoa dela azpimarratu dute. Agirrek dioenez, hainbat ikerketa zientifikok agerian utzi dute aingirak eta angulak desagertzeko “arrisku larrian” daudela. “ICES Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak kaleratu berri duen azken txostenean aingiraren eta angularen arrantza gelditu behar dela aholkatzen da, osterantzean egoerak ez du atzera bueltarik edukiko. Estibaliz Diaz Aztiko zientzialariak esandakoaren arabera, gaur egungo aingiraren egoera duela 60-70 urteko egoerarekin alderatuz gero, izugarria da gainbehera”.
B+Ik esan du angulen kirol arrantza baimentzen duen Europako lurralde bakarra dela Euskal Herria
Koalizioko bozeramaleak bere egin ditu Aztiko zientzialariak eta adituak egindako adierazpenak, eta aitortu du espeziea egoera “benetan larrian” dagoela. “Berandu baino lehen, espezie hori ez desagertzeko neurriak hartzen hasteko ordua dela iruditzen zaigu. Esti Diazen hitzetan, ez dago gainbehera hori eragiten duen arrazoi bakarra, elkar elikatzen duten faktore multzo bat baizik. Horien artean, urtegiek eragindako habitat galera, turbina hidroelektrikoek sortzen duten hilkortasun altua, gehiegiazko arrantza, kutsadura kimikoa, parasitoak eta beroketa globala aipatzen ditu”.
“Udalak, nekez eragin dezake faktore horietan guztietan, baina bere alea ipini dezake gainbehera horri nolabait aurre egiteko, batez ere, gehiegizko arrantzan”. Zentzu horretan, ohartarazi du “deigarria” dela Euskal Herria izatea angulen kirol arrantza baimentzen duen Europako lurralde bakarra. 2019-2020 denboraldian, esaterako, Eusko Jaurlaritzak 719 lizentzia eman zituen azaleko angulen arrantzarako; horietatik 167 Debako itsasadarrean arrantzatzeko eman ziren. Jaurlaritzak, gainera, beste 77 lizentzia eman zituen ontzietatik espezie hori arrantzatzeko.
Euskal Herrian angularen arrantza “oso errotuta” badago ere, une honetan espeziearen “biziraupena babestu” behar dela diote. “Ezin dugu ahaztu espeziea kaltetzen duten beste faktore batzuk ere badaudela, baina Jaurlaritzak esaten badu biodibertsitatea babesteko eta kontserbatzeko benetako konpromisoa duela, ez dugu ulertzen una kritiko honetan zelan ematen dituen angula arrantzatzeko baimenak”.