Amaitzear daude Ondarroako lonja berriko lanak
Azpiegitura 2023ko urtarrilean amaituta egotea aurreikusten bazen ere, lanak otsailaren erdialderako amaitzea espero dutela esan dute. Ia hiru urte behar izan dute azpiegitura eraikitzeko; 2019ko martxoan hasi zituzten lanak.
Azpiegitura eraikitzeko azken faseko lanak amaitzeko “azken ukituak” ematea falta dela esan dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Saileko iturriek. “Honakoak falta dira: plaza publikoaren azken erremateak, lonja barruko hainbat instalazio amaitzea eta abian jartzea, lonjaren inguruko urbanizazioa burutzea eta Marinoil enpresaren instalazioen lekualdatzea amaitzea”. Azpimarratu dute dena udaberrian egongo dela erabilgarri. “Antxoa eta berdel kanpainak hasten direnerako dena %100ean erabilgarri egotea dago aurreikusita”.
Lonjaren hegoaldeko hegalean, kamioiak kargatzeko eta deskargatzeko gunearen gainean dagoen plaza publikoa zabaltzeko ere gutxi falta dela gaineratu dute. Itsasaurreko plazagaz eta zubiagaz bat egingo du herritarrentzako espazio berriak; zubiaren ingurutik sartu ahal izango da, arrapala batetik. Plazak 7.000 metro koadrotik gora ditu erabilgarri, eta “itsasora eta portuari irekita” dagoen “itsasorako begiratoki bat sortzea ahalbidetzen” duela esan dute. “Portua eta herria erabat lotuko ditu, portua eta portuko jarduera herrira hurreratuz”.
Lonjak, besteak beste, kamioiak eta furgoneta industrialak aparkatzeko toki zehatza edukiko du. Horrez gain, portuko langileentzako eta egoiliarrentzako aparkalekuak egongo dira erabilgarri, tona handiko kamioiak kargatzeko eta deskargatzeko gunearen alboan. 260 autorentzako lekua duen aparkalekua laster margotuko dute; hortik 210 aparkaleku finkoak izango dira. “Portu barneko aparkalekuak ez dira herritar guztientzat erabilgarri egongo, portuko sarrera kontrola mantendu egingo da eta; soilik jarduera bat egitera edo arrazoi justifikatu batengatik doazenek sartu ahal izango dira portura autoarekin”.