Josu Zabalo: "Ondarroako itsas giroa eta herriagaz lotura duten gaiak dira nagusi"
Aspalditik Ondarroan bizi den antzuolarrak betidanik izan du idazteko zaletasuna eta grina. Hainbeste urtean mamitzen aritu den 'Ondarru maitia' antologia kaleratu du duela gutxi.
Ondarru maitia izenburua daukan liburua kaleratu berri duzu, Ondarroagaz zerikusi estua daukan lana.
Ondarroa eta ondarrutarrak asko maite ditudalako kaleratu dut liburua izenburu honegaz. Antzuolan jaio eta sortua banaiz ere, Ondarroa oso herri berezia da niretzat. Ikasketak amaitu ostean kooperante moduan hasi nintzen lanean. 70eko hamarkadan Ondarroara etorri nintzen, bertoko giroa ezagutu eta bertan maitemindu nintzen; gaur egun nire emaztea denaz ezkondu eta, ordutik, euskal arrantzale gune honetan bizi naiz beste ondarrutar bat modura.
Zein da argitaratu berri duzun liburuaren helburua?
Urte guzti hauetan poliki-poliki idazten joan naizen olerkiak, abestiak, istorioak eta oroitzapenak argitara ematea da helburua. Antologia honek azkenengo 50 urteetan gertatutako egoerak eta gertaerak, egon den giroa eta nire kezkak islatzen ditu.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Gure ume denboretan ez zegoen gaur modura ez mugikorrik, Internetik, telebistarik eta halakorik, eta denbora pasa modura jolasak eta ipuinak asmatzen genituen; lagun artean ipuinak kontatzea asko gustatzen zitzaidan, orduan ez zegoen askoz gauza gehiagorik ere eta. Nire ustez, handik dator nire asmatzeko gaitasuna ere.
Bost hamarkadatan hainbat idazki sortuko eta batuko zenituen. Denak sartu dituzu?
Hainbeste orri nituen pilatuta, baina, azkenean, garbitasun bat egin eta hautaketa bat egin behar izan dut.
Denbora horretan, zelan aldatu da zure idazteko era?
Dena modura, bizimodua eta pentsamoldea ere aldatzen joaten da. Gaztaroan, pentsamolde bat neukan, eta urteak igaro ahala, nire ikuspegia aldatuz eta zabalduz joan da, eta eboluzio hori igarri egiten da lanean. Heldutasunak, egia esan, lehen ez nuen aberastasun bat eman dit.
“Sekulako poza eman dit lana amaituta eta esku artean edukitzeak, umetxo bat izatea modukoa izan da”
Liburua osatzeak lan handia eman dizu?
Nire alaba Maiderrek asko lagundu dit, eskerrak berari. Zalantzak nituen bakoitzean berarengana jo dut eta, egia esan, sekulako laguntasuna eman dit; zuzentzaile lanak egin dizkit.
Hainbeste urteren ostean, zergatik erabaki duzu lana orain argitaratzea?
Nire ustez, herri mailan interesgarriak suertatu litezkeen gaiei buruzko gauzak nituen idatzita, eta iruditu zitzaidan merezi zuela lana argitara ematea. Material guztia batu, eta poliki-poliki garbira pasatzen hasi nintzen. Nire lanen orriak inprimatu, kopiak atera eta lantzean-lantzean nire ingurukoen artean banatzen aritu naiz azken urteotan. Gero, baina, lan hori guztia liburu batean jasotzea pentsatu nuen, eta horretarako garairik onena orain zela iruditu zitzaidan. Nik ez nekien liburua argitaratzeko zer egin eta nora jo behar zen, baina lagun batek Markina-Xemeingo 11Barri enpresara joateko gomendatu zidan, han behar nuen guztiagaz lagunduko zidatela eta. Poz handia hartu nuen 11Barrikoek lana argitaratzea posible zela esan zidatenean. Liburu hau argitaratzea aspalditik neukan amets bat zen, eta orain egi bihurtu da; sekulako poza eman dit lana amaituta eta esku artean edukitzeak, umetxo bat izatea modukoa izan da.
Zer gai azaltzen dira liburuan?
Ondarroako itsas giroa eta herriagaz, herritarrekin eta inguruagaz beragaz lotura duten gaiak dira nagusi, baina baita ere maitasuna, elkartasuna, askatasuna, batasuna, espetxea edo politika moduko gai garrantzitsuak ere. Gai horiei buruz askatasunez eta beldurrik barik idatzi ahal izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, eta horiei denei erantzuna ematen saiatu naiz. Egunerokotasunean aurkitu ditzakegun gai soilagoek ere asko inspiratu naute. Zuhaitz bat, parke batean ikusitako animali bat edo antxoagaz lehorreratzen dagoen ontziari buruzko istorioak, olerkiak eta kantuak idatzi ditut, besteak beste. Harridura sortu didaten gaiez idazten saiatu naiz, azken finean, baita haserrea edo tristura eragin didatenei buruz ere.
Liburua era bereziren batean dago banatuta?
Irizpide kronologikoa jarraitzea eta errespetatzea erabaki dut. Irakurleak, modu horretara, nik idatzitako lanaren bilakaera jarraitu ahal izango du, gaztaroko kezketatik gaur egungoetaraino.
“Gogo eta ilusio handiz egindako lana da, eta jendeak irakurtzea gustatuko litzaidake”
Antologian zenbat abesti, olerki edo kontakizun jaso dituzu?
Nik neuk sortutako 142 lan aukeratu nituen liburua osatzeko. Gehiago ere banituen, baina horiekin gelditzea erabaki nuen.
Lan horietatik guztietatik, zein da zuretzat kuttunena?
Iaz, apirilaren 14an zendu zen Saioa alabari eskainitakoa oso berezia da; pena handia hartu nuen, eta sentimendu hori bertso eran jasotzea erabaki nuen, bihotz-bihotzez idatzitako testua da. Testu horrez gain, badaude niretzat esanahi berezia daukaten beste batzuk ere antologian jasota, itsasoko jendeari buruzkoak, esaterako. Bizi izandako momentu alaiak zein garratzak ere jaso ditut lanean; barrua askatzeko moduko ariketa bat modukoa izan da hau guztia.
Non lortu daiteke liburua?
Kuriken, Zurrumurrun, Idiakezen liburu dendetan erosi daiteke. Turismo bulegoan ere laga ditut ale batzuk.
Duela hilabete inguru kaleratu zenuen. Zelako ongietorria eduki du?
Jende dezente etorri zait lana irakurri duela esanaz. Askok esan didate ez zekitela halako gauzak idazten nituenik eta lana asko gustatu zaiela; idatzi dudan guztia barne-barnekoa dela eta sentimendua eta maitasuna dagoela esan didate. Harrituta geratu naiz halako erantzunak jasota, pozez gainezka. Gogo eta ilusio handiz egindako lana da, eta jendeak irakurtzea gustatuko litzaidake; batez ere, zerbaitetarako balio duela jakiteagaz gustura geratuko nintzateke.