Kontserba sektorerako herrialdeko hitzarmen "duina" eskatu du LABek Mutrikun
Herrialdeko hitzarmen sektorial bat ez izatearen ondorioak "oso larriak" direla ohartarazi dute Txirritxako biribilgunean batu direnek.
Gipuzkoako kontserba sektoreko emakume langileek bizi duten “prekarietate basatia” salatu du gaur [urtarrilak 27] LAB sindikatuak Mutrikun, Aldarrikapen Egunaren baitan. Lan baldintza “duinak” edukitzeko baina, herrialdeko lan hitzarmen “duin” bat “beharrezkoa” dela aldarrikatu dute kontserba lantegien aurrean goizean egindako elkarretaratzean. “Gaurko ekintza honekin nahi izan dugu euren egoera salatzea eta babesa ematea langileei“.
Ana Sebal Agirregabiria LABeko zerbitzu pribatuetako ordezkariak adierazi duenez, Mutrikun lanean ari diren langileek hitzarmen estatala daukate. “Herrialdeko hitzarmen sektorial bat ez izatearen ondorioak oso larriak dira. Langile hauen lan baldintzak ere ez daude araututa behar den moduan. Euren soldatak baxuagoak dira, 700-800 euroko soldatak dituzte batez beste, eta gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala ere handiagoa da”.
Soldata baxuez gain, behin-behinekotasun tasa “handia” duen sektorea ere badela esan dute. “Osasun arazo larriak izaten dituzte lanaren ondorioz, eta urte guztian lan egiten ez dutenez, euren lan gaixotasunak ez daude aitortuta bere horretan. Horregatik guztiagatik aldarrikatzen dugu hitzarmen duin bat edukitzea; eragina edukiko duelako euren lan baldintzetan eta bizi baldintzetan”.
Gaur kalera irtetearen arrazoia, lan erreformaren aurka egitea ere badela azpimarratu dute. Sindikatu abertzaleak ezetza adierazi dio “euskal langileen beharrei” erantzuten ez dien lan erreforma berriari. Euskal Herriaren errealitatera egokitutako erreforma “beharrezkoa” dela adierazi dute, langileen antolakuntzaz eta borrokaz lor daitekeela sinestuta. “Hemen aldarrikatu nahi duguna da Madrilen posible ez dena Euskal Herrian egitea. Lan harremanak eraldatzea dugu erronka, eta eraldaketa hori ez da posible izango Madrilen. Lan duina bermatzeko ezinbestekoa da lan harremanen euskal esparru propioa izatea”.
Horregatik guztiagatik euskal gehiengo sindikalak domekan [urtarrilak 30] hiriburuetan egingo dituen manifestazioetara joateko dei berezia egin nahi izan dute.