Alleriko padura zaintzeko beharraz ohartarazi du Eguzkik Hezeguneen Mundu Egunean
Hezeguneen Mundu Eguna da eguaztenean [otsailak 2], eta eguna planetarentzat "hain garrantzitsuak" diren baina "hain degradatuta" dauden hezeguneetan arreta jartzeko baliatu nahi du talde ekologistak.
Ondarroan, esaterako, balio “izugarria” duen ekosistema hori berreskuratzea berebizikoa dela azpimarratu dute. “Kostaldeko hezeguneak itsas organismo askoren errute, hazkunde eta elikadurarako lekuak dira. Hori dela eta, oso garrantzitsua da babesa ematea jasaten dituzten garapen urbanistikoen gehiegikerien aurrean. 2012an, borroka luze baten ondoren, zonaldean 480 etxebizitza eraikitzeko proiektua geldiaraztea lortu zen, eta bere garaian ospatu genuen. Urte batzuk igaro ondoren, berreskuratzeko ordua iritsi da”.
Hedadura aldetik txikia bada ere, Allerik euskal paduretako hainbat landare eta animalia bereizgarri iraunarazten eta babesten dituela gaineratu dute. Landareei dagokienez, Aster tripolium, Juncus maritimus edo Elymus pycnathus aurki daitezkela esan dute, baita Salicornia obscura ere. “Landare oso bitxia da. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeak kontuan hartuta, Txingudiko paduretan baino ez da ikusten landare hori”. Animaliei dagokionez, bisoi europarrak aipamen berezia merezi duela nabarmendu dute. Horrez gain, azkonarra, urretxindorra, ubarroi mottoduna, lertxuna eta beste hainbat animalia ere aurki daitezkeela ere esan dute.
Eguzkik dio itsas padurak “hondamendi naturalei aurre egiteko baliabide” bezala ulertu behar direla, eta ez “lokatz eta belar zahar multzo bat legez”
Ondarroako padura Nazioarteko Garrantzizko Hezeguneen Zerrenda Orokorrean jasota ez badago ere, “oso garrantzitsua” dela nabarmendu dute, eta beraz, berau zaintzea beharrezkoa dela gogorarazi dute. Hala ere, gaiari buruzko kontzientzia zabaltzea falta dela ere esan dute. “Oraindik ere lan asko dago egiteko. Azpimarratzekoa da baina, gaur egun kontzientziazio handirik ez badago ere, lehenago ez zegoela inolako kontzientziarik. Hori dela eta, erakundeak inplikatzea eta gune hauen balio ekologiko handiaz ohartarazten laguntzea garrantzia handikoa dela iruditzen zaigu”.
Mende amaierarako itsas maila 29-49 zentimetro artean igo daitekeela eta, Alleriko padurak “hondamendi naturala” saihesteko aukera ere ematen duela mahaigaineratu du talde ekologistak. Euskal kostaldearen zatirik handiena itsaslabarra dela eta itsas mailaren igoeraren aurrean eremu hori guztia defentsa lerroa dela diote. Funtsean, Eguzkik dio itsas padurak “hondamendi naturalei aurre egiteko baliabide” bezala ulertu behar direla, eta ez “lokatz eta belar zahar multzo bat legez”.
Ingurumena ongi kudeatuz gero, herritarren ongizatea lortu ahal dela diote. Planteamendu horren aurrean, Eguzkik Jaurlaritzaren Hezegune Katalogoan sailkatuta dagoen Alleri padura berreskuratzeko esfortzua aldarrikatu du. “Hezeguneak kinka larri honetatik ateratzeko behar beharrezkoa da babesteko eta berreskuratzeko lanak martxan jartzea”. Berreskurapen plana martxan jartzeko lehendabiziko lana lur eremu handiago bat lortzea beharrezkoa dela esan dute, baina argi diote bi urtetan ez dela padura berreskuratuko. “Baina berreskurapen prozesua martxan jartzea lortuko da, eta urtez urte padura egonkor eta hobeago bat lortuko da”.