Mutriku-Deba zubia berreraikitzeko lanak, azken txanpan
Lanak amaitzeko gutxi falta bada ere, zer edo zer atzeratu egingo direla baieztatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek.
Etenik gabe ari dira lanean Mutriku eta Deba batzen dituen oinezko zubian. Azpiegitura desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanak amaitzeko gutxi falta dela esan dute lanen arduradunek. Aurreko astean amaitu zituzten zubiari eusten laguntzen zion burdinezko egituraren desmuntatze lanak, eta orain bestelako lanekin hasita daude. Zehaztu dutenez, zerbitzu eta kanalizazio azpiegiturak berriro instalatzea, ingurua berrurbanizatzea, oinezkoak igarotzeko zoru guztia berritzea eta zubiko baranda berregitea falta dira.
Lanak orain arte ustekaberik gabe eta epe barruan egin badituzte ere, aurrez finkatuta zegoen egutegia ezingo dela bete gaineratu dute. “Lanen atzerapen bat eskatu da, eta Mutrikuko eta Debako udalak hortaz informatuta daude. Instalakuntza otsailean irekitzea aurreikusita zegoen, baina epe hori zer edo zer atzeratu egin behar da; lanek zenbaterainoko atzerapena izango duten eta hau guztia nola gauzatu ari gara aztertzen orain”. Edozein kasutan, oinezkoen pasabidea “posible denean” irekiko dutela azpimarratu dute. “Gauza desberdinak ditugu esku artean, baina segurtasun neurri guztiak bermatzen diren unean ahalbidetuko dugu hori”.
Jakitera eman dutenez, aurreikusita zegoena baino denbora gehiago beharko dute lehen estribuaren eta hirugarren zutaberaren zimenduak berriz oinarritzeko. Esan dutenez, kendu berri duten burdinezko egitura oinarrituta zegoen tokian egingo dituzte lanak. “Larrialdi fasean mikropilote batzuk ipini ziren, eta lan horiek amaitu behar dira orain. Zubiak aurrez beste mugimendu batzuk izan zituen, eta bere onera ekartzeko beste lan batzuk egin behar ditugu. Zehazki, albo bietako oin horien azpia ziurtatu eta sendotu egingo dugu, azpi horiek ez direla hondoratuko ziurtatzeko”.
2018ko uztailaren 5ean amildu zen zubia desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanak apirilaren 14an hasi zituzten Moyua-Harri alde baterako enpresa elkarteko langileek, eta zubia itxita dago azaroaren 22az geroztik. Esku hartzearen kostu osoa 7.131.153,58 eurokoa izan da: 3.611.822,75 euro larrialdi faseko lanei dagozkie eta 3.519.330,83 euro bigarren faseko lanei.