200 San Blas opiletik gora prestatu dituzte Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Beti Jai jubilatuen elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak San Blas opilak prestatzen aritu dira egunotan. “COVID-19a dela eta, ezin izan dugu jende gehiago gonbidatu prestaketa lanetan parte hartzera”. Esan dutenez, 200 opiletik gora prestatu dituzte musika eskola dagoen eraikinean dagoen sukaldeko labean. “Orain osatu berri dugun zuzendaritza batzordeko kideak estreinako batu gara San Blas opilak egiteko, eta, egia esan, esperientzia polita izan da. Pozik geratu gara, errepikatzeko gogoagaz”.
Gaur [otsailak 3], San Blas Egunez, Bekobentako eskolako eta Bera Kruz ikastolako ikasleei zelan egin dituzten azaldu diete, eta haiek ere etxera opil bat eramateko aukera eduki dute. “Besteak beste, San Blas opilak egiteko ohitura nondik datorren azaldu diegu, eta prestaketa prozesu guztia ikusteko aukera ere eduki dute. Bisita amaitzeko, opil bana eman diegu eta talde argazkia atera dugu”.
Gainontzeko opilak banatu egin dituztela esan dute. “50 bat opil San Roke egoitzan banatu ditugu, eta beste 40 udaletxera eraman ditugu, eskaini diguten laguntza eskertzeko. Izarbideanekoentzat ere gorde ditugu opil batzuk eta beste 50 domekan [otsailak 6] elkartera datozenentzat gorde ditugu”.