Angelman sindromearen ikerketarako diru bilketa hasi dute
Bigarren urtez jarraian abiarazi dute kanpaina. Iaz 29.000 euro batu zituzten hilabetean.
Otsailaren 15a Angelman Sindromearen Nazioarteko Eguna da, eta egun hori abiapuntutzat hartuta, #InvestigacionEsEsperanza leloa daraman diru bilketa kanpaina abian ipini du Espainiako Angelman Sindromearen Elkarteak. Iaz abiarazi zuten estreinako gaixotasunaren ikerketarako diru bilketa publikoa, eta eduki zuen arrakasta ikusirik, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute; 29.000 euro batu zituzten iaz. “Batutako diru guztia AEBetako FAST ikerketa fundaziora bideratu genuen; hainbat ikerketa daude mundu mailan, eta aurrerago erabakiko dugu aurten batzen duguna nora bidali”, azaldu du Joseba Antxustegi elkarteko presidente mutrikuarrak.
Martitzenean [otsailak 1] abiatu zuten kanpaina, eta diru ekarpenak egiteko aukera zabalik dago hilaren 28ra arte. Dohaintzak egiteko hainbat aukera daudela esan du Antxustegik. “Erabiliena eta erosoena Bizum erabiltzea da askorentzat”. Interesa dutenek 01443 zenbakira Bizum bat egin dezakete. Nabarmendu du diru ekarpena egiterako orduan dohaintza aukera aukeratzea nahitaezkoa dela. Diru ekarpena “era tradizionalagoan” egin nahi dutenek, berriz, banku transferentzia bidez egiteko aukera ere badutela esan du. Laguntza ekonomikoa eskaintzeko interesa dutenek ES26 2100 6130 24 0200021489 (Caixabank) kontu korrentera egin dezakete transferentzia.
Espainiako Angelman Sindromearen Elkartearen webgunean, gainera, 5, 10, 20 edo 50 euroko balioa duten bonu laguntzak eros daitezke. “Hiru bide horiez gain, Teaming taldeen bidez edo Instagram eta Facebook erabilita PayPal bidez ere egin daitezke ekarpenak”. Gaixotasunaren ikerketara dirua bideratzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu du elkarteko presidenteak. “Norbanakoek zein enpresek parte hartu dezakete. Egiten den dohaintza bakoitzari esker Angelman sindromea duten familien bizi kalitatea hobetzen laguntzen da, baita ere ikerketan eta sendabidea bilatzen laguntzen. Ekarpen guztiak ongi etorriak izango dira, kopurua edozein delarik ere”.
Dohaintza egiten dutenek, gainera, kenkari fiskalak izango dituztela gogorarazi du. “Eskatzen duten guztiei errenta aitorpena egiteko ziurtagiria bidaliko diegu. Interesa dutenek info@angelman-asa.org helbide elektronikora mezu bat bidalita egin dezakete eskaera”.