Aurrerak mendeurreneko ospakizunak antolatzeko batzorde bat eratu du
Ondarroako kirol elkartearen mendeurrena 2021ean izan bazen ere, COVID-19ak eragindako pandemia tarteko, ezin izan zen ospakizun herrikoirik antolatu.
Esan dutenez, uztailean egindako ezohiko asanbladan erabaki zen batzordea eratzea, bazkideekin batera. “Mendeurrenaren urtea 2021a izan bazen ere, halako urteurren batek merezi zuela ospatzea erabaki zen eta, beraz, ondo ikusten zela ospakizunak 2022an egitea”.
Aurrerak gaur egun dauzkan eta 100 urteotan eduki dituen kirol modalitate desberdinetako kide zein zuzendaritzetako ordezkarien artean eratu dute batzordea. “Duela 25 urte ere, 75. urteurrenean, halako batzorde batek kudeatu zuen urteurrena, eta orain ere halako zer edo zer egitea da asmoa”.
Azpimarratu dutenez, batzordea zabala eta irekia da, eta prest dago herritarrek egindako proposamenak aurrera eramateko edota Aurreragaz harremana daukan edozein hartzeko. “Ideia eta laguntza guztiak izango dira ongi etorriak. Parte hartzeko interesa edo proposamen bat dutenak guregana etorri daitezela”. Gaineratu dute batzordeak dagoeneko hiruzpalau asmo dauzkala esku artean. “Denak ere Aurreragaz lotura daukaten edo izan duten kirolei lotuta daude: futbola, mendia, txirrindularitza, saskibaloia, esku pilota…”.
Ekintzak urte guztian egitea da asmoa, baina gehienak eguraldi onagaz batera egingo dituztela iragarri dute. “Batzordetik azpimarratu nahi dugu mendeurreneko ospakizunak unean uneko neurriak errespetatuz egingo direla, baina beti ere kutsu herrikoiagaz. Aurrera herriarena da, horregatik egin zituen iaz 100 urte, herrian errotuta dagoelako. Guri orain herritarrentzako eta herritarrekin batera ospakizunak antolatzea dagokigu”.