Mutrikun jokatuko dituzte zesta-puntako Udazken Txapelketako finalak
Danok Bat pelotazale elkarteko alebin eta txiki mailako hiru puntistek lehiatuko dituzte finalak.
Txapelketaren finala Tolosan jokatzekoa bazen ere, barikuan [otsailak 4] Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan jokatzea erabaki dute. “Eskola kiroleko ekintza guztiak bertan behera geratu zirenean jokatu behar zen berez finala. Dekretuak orain, eskola kiroleko ekintzak egitea baimendu duenez, txapelketari amaiera ematea erabaki dugu, baina Tolosan ezinezkoa zenez, Mutrikun jokatuko dira”.
Pilota jaialdia 19:30ean hasiko da. Gipuzkoako zesta-punta txapelketako bi neurketa jokatuko dituzte aurretik, eta ondoren hasiko dira Udazken Txapelketako finalekin. Alebin eta txiki mailako zortzi puntista ariko dira txapela lortzeko lehian, eta horien artean Danok Bat pelotazale elkarteko hiru puntista ariko dira nor baino nor indartsuago. “Aspaldian txapelketarik jokatzeko aukerarik ez dute eduki, eta finala jokatzeko gogotsu daude elkarteko puntista gazteenak”.
Kantxaratzen lehenak alebin B mailakoak izango dira. Mendizabalek (Donostia) eta Enbilek (Zumaia) osatutako bikotea Paniaguaren (Danok Bat) eta Goñiren (Zumaia) aurka ariko da. Txiki B mailan, berriz, Elezgarairen (Danok Bat) eta Watkinsen (Zumaia) aurka neurtuko dituzte indarrak Lazkanotegik (Hondarribia) eta Arrizabalaga I.ak (Danok Bat). Final biak 12 tantoko bi setera jokatuko dira.