Uemak Salto udaleku ibiltarietan izena emateko epea zabaldu du
Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean izango dira. Martxoaren 31 da izena emateko azkenengo eguna.
Ibiltariak izango dira berriz Salto udalekuak. Uemako udalerrietako 14 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarkoek, alegia. Ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean egingo dira topaketak, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko helburuagaz. Parte hartu gura dutenek martxoaren 31 dute izena emateko azken eguna. Izena emateko 94-381 66 99 telefono zenbakira deitu, datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidali edo Uemaren webgunean dagoen estekan datuak bete behar dituzte.
Aurten, 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira, bat Tolosatik eta bestea Etxarri Aranaztik. Bi zutabeak Leitzan elkartuko dira laugarren egunean. Iaz gazte askok izena eman zuten, eta “asko kanpoan geratu zirenez”, aurten parte hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du mankomunitateak. “Kopurua gainditzen bada, lurraldetasuna, genero irizpidea eta izena emateko ordena hartuko da kontuan taldea osatzeko”, azaldu dute.
Ildo nagusiak. Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira Uemaren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua dauka martxan, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean mankomunitateko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu dituzte azken urteotan: “Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua”. Aisialdiagaz eta euskal kulturagaz lotutako egitarau erakargarriagaz “gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako” urratsa eman nahi dute urteroko topaketa horiekin.