Pantalan berriak mugikorrak izango dira eta, horrenbestez, Antzar Eguna moduko ekitaldietarako espazio gehiago egongo da. Obrek lau hilabeteko iraupena edukiko dute, eta ia 2 milioi euroko aurrekontua.
Hasi dira Lekeitioko portuko pantalanak aldatzeko lanak. 279 amarratze jarriko dituzte, hau da, orain baino hogei gehiago. Zehaztu dutenez, bederatzi pantalan ipiniko dituzte: bost iparraldeko kaian eta lau hegoaldekoan. Pantalan berriek, gainera, korronte elektrikoa, argindarra eta ura ere edukiko dute. Segurtasun arloan, sarrera ateak ere aldatuko dituzte eta portuko zorua eta barandak berritu.
Helburua da portuko pantalanetako antolaketa berri eta hobe bat osatzea, lanerako eta aisialdirako bi guneen banaketa mantenduz. Iparraldeko zatia arrantza lanetan aritzen direnentzat izango da eta hegoaldekoa, aisialdiko ontzientzat. Itsasoan lan egiten dutenentzat izotz eta erregai horniketa lekuak ere mantenduko dituzte.
Lanak bost fasetan banatu dira. Lehendabizi, portuko ontzi denak inguruko beste zenbait portuetara mugiarazi dituzte, azken asteetan lanak aurrera eramateko espazioa utziz. Hasteko, portuko sarreran dauden lehen bi pantalanak jarriko dira, bai iparraldeko kaialdekoan zein hegoaldekoan. Ondoren, iparraldeko pantalanak ipiniko dira eta hegoaldekoak gero. Azkenik, segurtasun eta zaintza lanak osatuko dituzte korronte elektrikoa, argindarra, ura, ateak eta barandak jarriz. Berrantolaketa berri horregaz nabigazio bide handiagoa zabalduko da. Pantalan berriak mugikorrak izango dira eta, horrenbestez, Antzar Egunerako, esate baterako, espazio gehiago egongo da.
Berrantolaketa udarako amaituta egotea espero dute; hasiera batean, lau hilabeteko iraupena edukiko dute lanek. Eusko Jaurlaritzaren babesean dagoen Euskadi Kirol Portuak 1.930.852 euro inbertitu ditu proiektu berri horretan, eta lanak Amilibia Untziolak egingo ditu. Eraldaketaren nondik norakoak zehazteko, udalak, arrantzale elkarteak, Isuntza Arraun Taldeak, aisialdirako ontzien Leakai elkarteak eta Antzar Egunerako batzordeak ere parte hartu dute azken hilabeteetan egindako batzarretan.