Mutrikuko arrantzaleen etxolak zaharberrituko dituzte
Teknika zientifiko bereziak erabilita, "kultura eta ondarearen ikuspegitik balioa" duten etxolak zaharberrituko dituzte bakarrik. Lau hilabeteko epean burutuko dituzte lanak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak moila sarreran eta Samikollako malda azpiko eremuetan sakabanatuta dauden arrantzaleen etxolak zaharberrituko ditu. Bi eremuetan banatuta, 31 etxola daude gaur egun, baina guztiak ez dituztela zaharberrituko zehaztu dute. Bederatzi zaharberrituko dituzte bakarrik, “kultura eta ondarearen ikuspuntutik balioa dutenak, hain zuzen”. Beste etxola guztiak desegingo dituztela gaineratu dute.
Zaharberritze lanak teknika zientifiko bereziak erabilita egingo dituzte. “Etxolak berritzeko lan batzuk lantegian egingo dira, eta beste batzuk, obran bertan burutuko dira”. Berrituko dituzten bederatzi etxolak eremu zehatz batean batuko dituztela ere iragarri dute. “Eremu horren urbanizazioa eta ingurua ere berritu egingo dira”. Jaurlaritzako iturriek ez dute zehaztu non jarriko dituzten zaharberritutako etxolak, baina itxura guztien arabera, Samikollako malda azpian ipiniko dituzte, Moila kaleko 10. atariaren ondoan.
Lanak lau hilabeteko epean burututa egotea aurreikusten dute, eta azpimarratu dutenez, Segurtasun Planak agintzen duen modura egingo dituzte. “Lanak egiten ari diren bitartean obra eremua itxita egongo da, baina, hala ere, oinezkoen eta ibilgailuen bidea irekita mantenduko da moilan”. Jaurlaritzako iturriek esan dutenez, lanak esleituta geratu ziren abenduaren erdi aldera. Unebide obras y contratas SL enpresari esleitu dizkiote eta aurrekontua 239.113,1 eurokoa da (BEZ barne).