Bueltan dira Markina-Xemeingo Ilusio Ponpak jardunaldiak
Bi urteko etenaldiaren ostean, Lea Artibai Ikastetxearen Ilusio Ponpak jardunaldiak Irati Lekue, Jesus Menendez eta Javier Iriondo batu ditu.
Ilusio Ponpak inoiz baino indartsuago itzuli da. Lea Artibai Ikastetxeak Laboral Kutxagaz batera antolatu dute zortzigarren motibazio jardunaldia Markina-Xemeingo Esperantza aretoan. Urte biko etenaldiaren ostean, ilusio dosia hirukoitza izan da. Irati Lekue, Jesus Menendez eta Javier Iriondo izan dira hizlariak, eta eraikina bete dute gaur [otsailak 10].
Lekue berrikuntzarako ikaskuntza estrategiko baten inguruan aritu da. “Aldaketak, besterik gabe, ez dira gertatzen”, esan du hasi bezain laster. Entzuleak haien talentua eta potentziala aurkitu eta baliatzera animatu ditu. “Bilatzen duzun arrakasta eta eraginkortasuna lortzeko, gidaritza zuk hartu behar duzu, ez dago beste biderik”.
Menendezek etengabeko konparazioak eta paralelismoak egin ditu, boxeoagaz batez ere, Hands up errealitate aldakor baten erronkei aurre egiteko izanburupean. Hala, hitzaldia bost asaltotan banatu du: analisia, barne ezagutza, plana, sormena eta komunikazioa. Komunikazioak daukan garrantzia azpimarratu du behin eta berriz, “komunikaziorik barik ez dagoelako emoziorik”. Behin eta berriro amets egitea eskatu die entzuleei.
Antolatzaileak datorren urtera begira daude: “2012an hasi gineneko helburua mantentzen dugu”
Iriondo “emozioak gainditzea eta indartzean” oinarritu da, hori delako “bizitza osoago baterako gakoa”. Motibazioaren aldetik gaur egungo aurkari arriskutsuena kontzentrazioa eta fokua galtzea dela azpimarratu du, eta bide horretatik telefono mugikorra jarri du errudun nagusitzat. Jardunaldira bertaratu zirenei eskatu die beldurraren kartzelatik ihes egitea eta desikastea ikastea baino zailagoa dela nabarmendu du.
Bederatzigarrenaren bila. 2022ko Ilusio Ponpak amaitu bezain laster, antolatzaileak datorren urtera begira daude. “2012an hasi gineneko helburua mantentzen dugu, egunerokotasunari aurre egiteko eta motibazioa sustatzeko ikuspegi konstruktiboa eta baikorra ematea”, esan du Noelia BarruetabeƱa Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariak.