Europako Tiro Txapelketa lehiatzeko hautatu dute Ager Solabarrieta ondarrutarra
Norvegiako Hamar hirian lehiatuko da txapelketa, martxoaren 13tik 19ra. Espainiako selekzioarekin nazioartean lehiatuko duen lehen txapelketa da.
Espainiako Tiro Federazioak egunotan eman du jakitera Europako Tiro Txapelketara joango diren tiratzaile olinpikoen zerrenda. Hiru kirolarik osatzen dute zerrenda hori, eta horien artean da ondarrutarra. Nazioarte mailan behin baino gehiagotan lehiatzeko aukera eduki du Maite Badiola laguntzaileagaz batera, baina Espainiako selekzioagaz ariko diren lehenengo aldia izango dela azaldu du. “Oso albiste pozgarria da guretzako”.
Denboraldi borobila egin du, eta Carlos Moran hautatzailearen deia jasotzea espero zuela gaineratu du. “Iaz Finlandian jokatzekoa zen txapelketara joatekoak ginen, baina COVID-19a dela eta, txapelketa bertan behera geratu zen. Txapelketa aurten Norvegian jokatuko zela baieztatu denean, egia esan, espero nuen deia jasotzea. Espainiako sailkapen nagusian lehen postuan nago, eta iaz Espainia mailan egin ziren txapelketa bietan ere modalitate bietan irabazita, hautatuetako bat izatea espero nuen”.
Norvegiako Hamar hirian lehiatuko da txapelketa, martxoaren 13tik 19ra. Kirol egokituan aritzen den ondarrutarra euskarri gabeko 60 tiro zutikako eta euskarri gabeko 60 tiro etzandako kategorietan lehiatuko da. “Zutikako kategoriako proba martxoaren 15ean lehiatuko dut eta etzandako kategoriakoa, martxoaren 17an”.
Bi kategorietan finaleko fasean sartzea du helburu. “Txapelketa on bat egiteko asmoa daukat. Horretarako gogor entrenatzen nabil. Nik daukadan informazioaren arabera, jendea etzandako kategorirako ari da batez ere prestatzen. Hortaz, zutikako kategorian finalean sartzeko aukera gehiago izango dudala uste dut. Hori bai, entrenamenduetako emaitzak ikusita, eta nire mailan botatzen badut, bi finaletan sartzeko aukera askogaz ikusten dut neure burua; esperantza hori dut behintzat”.