Lekeitioko emakume taldeek 2. eskuko azoka antolatu dute
Andretxean jarriko dituzte postuak, zapatuan [otsailak 12]. 12:00etatik aurrera, egun osoan egongo da zabalik azoka.
Lekeitioko emakume taldeek bigarren eskuko azoka antolatu dute zapaturako [otsailak 12]. 12:00etatik aurrera egongo da zabalik, Plaza Merkatu atzean.
Andretxean jarriko dituzte postuak, lehen bidai agentzia zegoen lekuan, hain zuzen ere, eta egun osoan, materiala amaitu arte egongo da bertan zer edo zer erosteko aukera. Arropak, zapatak eta moda osagarriak egongo dira batez ere aukeran, denak bigarren eskukoak.
Produktuen «beste erabilpen» bat posible dela erakutsi nahi dute azoka horren bidez. «Sistema patriarkalaren kontsumo kapitalista ez da iraunkorra, eta feministok apustu egiten dugu alternatiba moduan bigarren eskuko gauzak erabiltzera», azaldu dute.
Emakumeentzako espazioa. Lekeitioko emakumeen taldeek –Potxuak Martxan, Enarak, Neska Gaztiak eta Altzuan taldeak– eta beste eragile mistoetako norbanako kideek zein herriko hainbat emakumek osatzen dute Lekittoko Mugimendu Feministia.
2021eko ekainean, COVID-19ak eragindako etenaldiaren ondoren, Andretxearen proiektua aurkeztu zuten. Lekeition bizi diren emakumeak elkartu ahal izateko espazio propio baten beharra sumatu zuten. Orain, bertan egingo dute bigarren eskuko azoka.