Pello Ulazia: "Berdintasun prozesu hauek azkartzea eta bistaratzea da lanaren helburua"
Mutrikuarrak etxe barruko zaintza jardueretan aita batek izandako bizipenak, gogoetak eta esperientzia estetikoak jaso ditu ‘Aita hor dago?' izeneko saiakeran. Lanak Egile Saria ere jaso du.
Zerbait berezia adierazi nahi izan duzu Aita hor dago? liburuaren izenburuarekin?
Edukitako esperientzia transmititu nahi izan dut; izenburua, hain zuzen, esperientzia horretatik dator. Alaba zaharrenak urte eta erdi bat zituela erabaki genuen haurtzaindegira eramatea. Goizero lagatzen nuen haurtzaindegian, eta atea ixten nuen bakoitzean negarrez uzten nuen, “aita, aita, aita” deiadarka. Hori guztia atearen beste aldetik entzuten nuen, zaintzaileak “aita ez dago” esaten zion bitartean. Horrek barrua astintzen zidan, eta egun guztia horri bueltaka egoten nintzen. Hori ikusirik, bikotearen eta bion artean erabaki genuen alaba zaintzen egongo nintzela.
Liburuaren hazia zelan sortu zen?
Arte munduan ibiltzen naiz. 2016an Isilean erakusketa egin nuen, eta konturatu nintzen edukitako bizipen horiek artearen bitartez transmititzea lortu nuela; baina momentu hori desagertu egiten da. Iruditu zitzaidan hori guztia nolabait idatzita edo jasota laga behar nuela. Behin eta berriz eztabaidak sortzen dira gai honen inguruan, eta kontsultarako dokumentu bat edukitzea beharrezkoa zela iruditu zitzaidan. Hasiera batean pentsatu nuen artikulu akademiko bat egitea, baina, azkenean, liburua baten bilakatu da.
Emaitzarekin gustura geratu zara?
Egia esan, liburu batekin artikulu batekin baino gusturago geratu naiz. Pare bat urte egin ditut berau mamitzen, eta emaitzarekin benetan gustura geratu naiz. Uste dut nahikoa osatua dela eta nahikoa ondo sentitu daitekeela aitatasun esperientzia hori.
Egile Sariak nire proiektuan sinisteko balio izan dit, baita egin dudan esfortzu guztiak merezi izan duela ikusteko ere
Nongo dendetan eskuratu daiteke liburua?
Autoekoiztutako lan bat da. Elkarren, Donostiako Hontza liburu dendan, Iruñeako Katakrak liburu dendan eta Mutrikun Sabina dendan.
Lanak, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egile Saria ere jaso du. Zelakoa izan da sari hori jasotzea?
Zoragarria izan da, asko bete nau. Nire burua ez daukat idazletzat inondik inora. Liburua egin nuenean enteratu nintzen Egile Saria zegoela, eta bertara aurkeztea erabaki nuen. Sariak nire proiektuan sinisteko balio izan dit, baita egin dudan esfortzu guztiak merezi izan duela ikusteko ere.
Zein da lanaren helburua?
Berdintasun prozesu hauek azkartzea eta bistaratzea da lanaren helburua. Betiko rolak apurtu behar dira, eta mendeetan zaintza jarduerei bizkarra emanda egon garen gizonezkooi dagokigu orain zaintza lan horietaz arduratzea. Nire ustez, zaintze lan horiek eta etxe barruko espazio horrek gizonezkooi ematen digu nolabait kontzientziak astintzeko aukera bat eta pertsona modura eraikitzeko aukera ere bai. Niri, egia esan, gehiago asetzen naute etxeko zaintza lan horiek lan produktiboetan ibiltzea baino. Baina horrek orain arte ezinezkoa zela dirudi.
Zer zentzutan?
Sistemak behartzen gaitu, gizonezkooi batez ere, lan produktiboetan aritzea. Eta nik hau guztia planteatzen dut matxinada edo iraultza bat bezala. Planto egin eta lan produktibo horretara ez joatea, alegia. Lana etxean egitea erabaki nuen, jendea zaintzea eta besteen beharrak asetzea.
Lan erreproduktiboa eta zaintza bigarren plano batean gelditzen dira, eta erakundeak konturatu behar dira horrela ezin daitekeela izan
Erraza izan da gai honi buruz hausnarketa egin eta liburu batean jasotzea?
Ez da lan erraza izan. Poliki-poliki gogoeta eta saiakera asko eginda hasten zara paralelismo edo analogia batzuk topatzen, eta azkenean hasten zara lotzen eta sare bat sortzen, diskurtso hori eraikitzeko. Konturatzen zara gauza asko ez dela erraza azaltzea. Azpimarratu nahi dut aldarrikatzen dudana ez dela kontraesan bat. Orain gizonoi dagokigu bizkarra eman diogun jarduera horiek egitea, baina arazoaren parte gu garenez, gu izan behar gara arazo hori zuzentzeko parte ere. Orduan jarduera horiei heltzea dagokigu, baina isiletik. Beste alde batetik, ez nuke nahi zaintzaren ideia erromantiko bat ematea.
Zergatik?
Momentu gogorrak ere egoten dira. Jakitun naiz gizonezko asko ere gustura asko geratuko liratekeela etxean zaintza lanak egiten, baina ezin dutela. Etxean diru sarrera batzuk egon behar dira, eta zaintzaren aukeraketa honetarako ere erakundeek ekarpen bat egin beharko lukete. Lan erreproduktiboa eta zaintza bigarren plano batean gelditzen dira, eta erakundeak konturatu behar dira horrela ezin daitekeela izan.
Liburuak badu berezitasunik?
Irakurlea hausnartzera gonbidatzen duen saiakera bat da, baina ez da ohiko formatuan aurkeztutako saiakera bat. Saiakera batek beti dauka alderdi ez narratibo bat, eta saiatu naiz hori betetzen, artearen edo hizkuntza plastikoaren bitartez. Gai konplexu bat izanda, artea erabili nahi izan dut. Etxeko jarduera horiek eta besteenganako pentsatze horrek, artearen bitartez, estetika bilakatu nahi izan ditut. Liburuan hori guztia irudiaren bitartez azaleratu dut; ikusten dira eskulturak, ilustrazioak daude eta ikus-entzunezkoak daude esperientzia hori sentiarazteko. QR kode batzuei esker, mugikorra hurbildu, eta hiru bideo ikusteko aukera ere badago.
Deskubritzen joan naizen, liburuaren agertzen diren eta gaia hobeto ulertzen gakoak iruditu zaizkidan kontzeptuekin osatutako glosario antzerako bat ere osatu dut
Era bereziren batean dago banatuta?
Lau atal dauzka. Bizipenak lehenengo atalean hitz joko bat egin nahi izan dut, bizi eta pena bi hitz horiekin. Zati hori kontakizun batzuekin osatu dut. Aitatasun horretan dena ere ez da izaten esperientzia polita, positiboa eta xamurra, eta hori guztia kontatu nahi izan dut. Zati hori oso erraz irakurtzen da, Malen Amenabar ilustratzaileak egindako ilustrazioei esker. Bigarren zatian jaso dut saiakera. Zaintzari buruzko teoria, zaintzaren kontzeptua zelan joan den aldatzen denborarekin, zaintzak ematen dizkigun aukerak eta zaintzaren dimentsio politikoa ere landu dut. Horrez gain, zaintzaren dimentsio etikoa eta estetikoa ere lantzen saiatu naiz bigarren zati horretan.
Hirugarrean zer landu duzu?
Artearen begiradak emozioak transmititzeko ahalmena dauka, eta hori baliatuta, nik bizitako egoera eta esperientzia pertsonal horiek artearen bitartez azaltzen saiatu naiz. Izan ere, arte hizkuntzak fenomeno konplexuei buruzko gaiak argitzen lagun diezaguke, hala nola, gizakien arteko erantzunkidetasun etiko, politiko eta estetikoekin zerikusia dutenak. Laugarren atalari glosario estetiko-politikoa deitu diot. Deskubritzen joan naizen, liburuaren agertzen diren eta gaia hobeto ulertzen gakoak iruditu zaizkidan kontzeptuekin osatutako glosario antzerako bat osatu dut, lanaren nondik norakoa hobeto ulertzeko.