Sindikatuek beste bi greba egun deitu dituzte Gipuzkoako zahar etxeetan
LAB eta ELA sindikatuek otsailaren 16rako eta martxoaren 24rako egin dute deialdia. Argitu dute euren borroka ez dela langileen eta patronalaren arteko gatazka "soil" bat, jendarteari eragiten dion "auzi soziala" baizik.
Sindikatuek adierazi dute langile falta gero eta nabarmenagoa dela. Eta lau urteko gatazkaren ondoren eta pandemiaren ondorioz, zahar etxe gehienetan “larria” zen egoera “jasanezina” bihurtu dela gaineratu dute. “Seigarren olatu honetan, baja asko ez dira ordezkatzen langile faltagatik. Izan ere, medikuek, erizainek edo laguntzaileek ez dute zahar etxeetan lan egin nahi lan baldintzak eskasak direlako. Egunetik egunera zerbitzu okerragoa ematen zaie egoiliarrei, eta langileen karga biderkatu egiten da”.
Egoera “kezkagarria” baldin bada ere, ohartarazi dute Aldundiak sindikatuekin batzeari uko egin diola. Adierazi dute hainbat bilera eskaera egin dituztela. “Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri”. Gatazka konponpotzeko ezinbestekoa dela iritzita, beste bilera bat eskatu dute.
Horregatik guztiagatik, datozen egunetarako deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. “Ezinbestekoa izango da guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu”. Barikuan [otsailak 11], esaterako, elkarretaratzeak deitu dituzte Gipuzkoako zahar etxe guztietan. Astelehenean [otsailak 14], auto karabana egingo dute; 10:00etan ipini dute hitzordua, Domus VI egoitza aurrean. Eguztenean [otsailak 16], berriz, manifestazioa egingo dute Donostian; 11:00etan abiatuko da Bulebarretik.