400dik gorako intzidentzia tasa daukaten herriei ekitaldi jendetsurik ez egiteko esan die Jaurlaritzak
Hortik gorako egoeran dauden udalerrietan ekitaldiak «bertan behera utzi» edo «atzeratu» egin beharko dituzte, neurri «prebentiboak» bete ezin badituzte.
Astelehenetik aurrera [otsailak 14] osasun larrialdia bertan behera geratuko dela eta ezarrita dauden murrizketa gehienak arinduko dituztela iragarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak eguenean. Gaur, ordea, izurria kontrolpean edukitzeko zenbait neurrik indarrean jarraituko dutela jakinarazi dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindu bat atera du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei esanez, 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute, ez baimentzeko ekitaldi jendetsurik; aginduaren arabera, neurri «prebentiboak» bete ezin badituzte, «bertan behera» utzi behar dituzte edo «atzeratu», egoera epidemiologikoa hobetu arte.
Zehaztu dute, gainera, prebentzio neurriak betetzeko zailtasun handienak egoten direla «jatea eta edatea» tartean daudenean, halakoetan maskara soinean ezin delako eduki. Kasu guztietan ere, «jendetzak» saihestu behar direla dio Osasun Sailak eta horretarako ondo aukeratu behar direla ekitaldi publikoak egiteko tokiak. Espazioak ondo «antolatu» behar direla diote, jan-edanerako, ahal dela, aparteko tokiak bereizi behar direla. Gogoratu dute, baita ere, ahal den guztietan, «kanpoan» egin behar direla ekitaldiak.
Jarraibide gehiago eman dituzte. Aireztapen egokiaren garrantzia ere nabarmendu dute, eta esan dute toki publikoetan CO2 neurgailuak erabiltzea komeni dela, horien bidez toki itxietan aireztapen ona bermatu ahal izateko. Kalean maskarak beti soinean eramatea ez da orain beharrezkoa, baina immunoeskasiak dituzten pertsonei beti jarrita eramateko gomendioa egin diete.
Inauteriak hurrean daude, eta hor sortu daitezkeen jende pilaketak dira orain kezkarako arrazoi bat.