Ados, Baiko eta Aspeko pilotarien lehenengo bilgunea izan da Etxebarria
Emakumeen pilota elkarteko eta gizonezkoen enpresetako pilotarien partiduak hartu ditu Etxebarriko frontoiak. Iera Agirre Iturriaga-Oihana Orbegozo Iraeta eta Victor Esteban eta Andoni Gaskue nagusitu dira.
Etxebarriko frontoiko gaurko [otsailak 12] pilota hitzordua berezia izan da: jaialdiaren baitan, Ados, Aspe eta Baiko-ko pilotarien partiduak bateratu dituzte, lehen aldiz. Kantxan bat egin dute Iera Agirre Iturriagak, Oihana Orbegozo Iraetak, Andrea Aldaregia Etxeberriak, Olatz Ruiz de Larramendi Lopezek, Victor Estebanek, Andoni Gaskuek, Jon Alberdik eta Endika Uriondo gizaburuagarrak.
Berdintasuna lortzeko bidean, profesionaltasunerako bidean mutilen aurreko partidua jokatzeko aukera edukitzea pauso garrantzitsua dela adierazi du Ados pilota elkarteko Agirre Iturriagak: “Ados elkartea sortu genuenean esan genuen nahi genituela profesionaltasunerako pauso gehiago eman, eta gaur hemen egotea horren adierazgarri da. Kontratuekin ari gara jokatzen, eta uste dut hori baloratzekoa dela”. Eusko Label Txapelketan egiten ari diren modura, kamisetetan amaren abizena eroan dute emakumeek. “Amei omenaldia egin nahi diegu, beti ondoan egoteagatik, laguntzen, eta amei modura, emakume raketistei ere bai, egindako lanaren aitortza legez”.
14-22koagaz amaitu da emakumeen partidua. 1-0 eta 2-1 joan dira aurretik Aldaregia Etxeberria eta Ruiz de Larramendi Lopez. 2-2ko berdinketa lortu dute Agirre Iturriagak eta Orbegozo Iraetak, eta 22ra ailegatu arte, markagailuan aurretik joan dira. Leitzako aurrelariak partidu borobila egin du, seguru aritu da, agintzen, eta sakez lau tanto lortu ditu: “Olatzek asko ematen dio atzean, gaitza da kolpe hori kentzea defentsan. Oihanak ondo eutsi dio, eta nik banekien aurrean amaitu behar nuela, eta uste dut partidu txukuna egin dudala”.
Aspeko bikoteak 22-21 irabazi du gizonezkoen Binakako Promozio Txapelketako sailkapen ligako partidua. Joan-etorrikoa izan da, lehiatua. 6-6, 16-16, 17-17ko berdinketak egon dira, batzuetan gorriak eta besteetan urdinak aurreratuz. Azkenean, huts gutxien egin duenak eta sakeak ematen zuen abantaila hobetoen baliatu duenak irabazi du. 21-17koa jarri dute markagailuan Estebanek eta Gaskuek, baina Alberdik eta Uriondok ez dute etsi, eta 21eko berdinketa ezarri dute, 21-20koa Alberdik txokoan egindako dejada politagaz.
Partidua galduta, ernegatuta zegoen Uriondo: “Jakin dugu hemen frontoian jokoa boladaka joango zela. Zementuzko frontoiak oso biziak dira, sakea daukanak min handia egiten du, pilota abiadura handian etortzen da behegaina jotzen duenean, eta dominatzen duenak, askotan sakea daukanak, tantoak pilatzen ditu. Partidua horrela joango zela bagenekien. Victorrek, gainera, abiadura handia ematen dio pilotari saketik hasi eta piloteoan ere, eta bera eustea hemen frontoian ez da lan erraza izan”. Azken hiru tantoak huts egin izanak azken emaitzan pisu handia hartu duela adierazi du: “Azkenean hiru huts tonto egin ditut, eta uste dut eurei bizitza eman diela horrek”.