Sekulako jende gehien bildu da Markina-Xemeingo Landare Azokan
Landare mintegietakoek azpimarratu dute osasun egoerak eragindako beldurra kendu ahala, jendea kalera irteten hasi dela. Ekoizleak eta dendariak ere pozik daude jendeak emandako erantzunagaz.
Zelaia eta haren inguruak jendez bete dira gaur goizean [otsailak 12]. Aspaldiko jende gehien ibili da, pandemia aurreko sasoiak gogoratzeraino. XIX. Landare Azokan bildu diren mintegietakoek, ekoizleek eta dendariek aitortu dute ez zutela hainbeste jende espero; goizetik hasi dela jendea postuetara joaten; goizetik erosten. Pozik agertu dira jaso duten erantzunagaz.
“Jende asko dago, gogoratzen dudanetik jende gehien”, esan du Iurretako Ortuberri Mintegiko Jose Javier Beaskoetxeak. Urtero joaten da Markina-Xemeingo azokara. Iaz ere egon zen; pandemia tarteko, formatu txikian egin zen azoka eta, orain, osasun egoerak hobera egin ahala, jendea hasi dela animatzen dio: “Hasi da jende gehiago kalera irteten. Neurriak arintzeak eta eguraldiak ere asko lagundu dute”. Azoka bera ere balioan jarri du: “Mintegi ezberdinak gaude, eta jendeak dauka aukera zuhaitzak, zuhaixkak, barneko landareak eta loreak erosteko. Aukera dago denetik erosteko”.
Zaldibarko Belar Mintegiko Joseba Belar ere pozik dago jendeak emandako erantzunagaz eta salmentekin. Esan du azoka zabaldu orduko hasi dela jendea erosten, batez ere baserritarrak lehenengo orduetan. Eguerdian ere, jende asko zebilen, “sekulakorik gehien”. Beaskoetxeak modura, urtero jartzen du mintegia Markina-Xemeinen, eta herrikoez gain, inguruko herrietako jendea ere biltzen dela azpimarratu du. Gehien saltzen duena sagar eta zitriko landareak dira. Abadiñoko San Blaseko azokan egon da aurretik eta, dioenez, jendea hasita dago pandemiak eragindako beldurrak kentzen.
“Mintegi ezberdinak gaude, eta jendeak dauka aukera zuhaitzak, zuhaixkak, barneko landareak eta loreak erosteko. Aukera dago denetik erosteko”.
Landare Azokaz gain, herriko merkatarien eta ekoizleen postuak ere egon dira Zelaia inguratzen. Bilboko Mar Sanchez da ekoizleetako bat, La chika de la cerveza. Artisau garagardoa ekoizten du, eta pandemia aurretik ere egon izan da Markina-Xemeinen. Ez du gehiegirik saldu, ezin izan du dastaketarik ere egin osasun egoeragatik, baina, horren kontran, jende nahikoa ibili da postuan, batzuk lehendik ezagutzen zituenak. Hori ere balioan jarri nahi izan du. “Jendea etorri da ni agurtzera, lehendik ezagutzen nautelako, jendea galdetzen dabil, informatzen, eta horrek ere balio handia dauka. Erantzuna oso polita da, eta geure burua ezagutzera emateko aukera ona eskaintzen digute halako azokek”, aitortu du.
Baskaran gaztak herriko ekoizleak ere postua eduki du azokan. Bidane Baskaranek esan du pentsatu baino jende gehiago ibili dela, “aurreko urteetan baino gehiago”. Eguraldi onak ere eragina edukitzen du horretan: “Azkenengoetan txarra egin zuen”, gogoratu du. Ketu gabeko gaztak eta ogian zabaltzekoak jarri ditu postuan, eta salmenak ondo joan zaizkio.