Kluben Arteko Munduko Kopa irabazi du Kepa Arrizabalagak
Garaikurra bereganatu duen lehen ondarrutarra da. Arrizabalagak jokatzen duen Chelsea taldeak 2-1 irabazio dio Brasilgo Palmeiras taldeari.
Chelseak estreinako eskuratu du garaikurra. Palmeiras taldea mendean hartuta lortu zuen titulua talde ingelesak; Brasilgo taldeari 2-1 irabazi zion zapatuan [otsailak 12] Abu Dabiko Mohammad Bin Zayed estadioan jokatutako finalean. Luzapenean, 117. minutuan, Kai Havertzek sartutako penalti bati esker irabazi zuen partida, hain zuzen.
Final orekatua izan zen. Lehen zatian bi taldeak gogor saiatu ziren, baina ez zuten golik sartu. Atsedenaldiaren ostean, Chelsea taldeko Romelu Lukakuk 54. minutuan estreinatu zuen markagailua. Talde brasildarrak, ostera, minutu gutxira sartu zuen berdinketaren gola; epaileak brasildarren aldeko penaltia adierazi zuen 63. minutuan, jokaldi bat VARean berrikusi ostean, eta horri esker gola lortu zuen Raphael Veigak. Talde bat zein bestea bigarren golaren bila ateratzen saiatu ziren ahal zuten guztietan, eta partida, azkenean, luzapenean erabaki zen.
Atezain ondarrutarrak ez zuen finala jokatzeko aukerarik eduki. Edouard Mendy senegaldarra izan zen titularra, baina funtsezkoa izan zen finalerako txartela lortzeko orduan. Saudi Arabiako Al Hilal taldeari 1-0 irabazi zioten eguaztenean [otsailak 9], eta lan bikaina egin zuen; partidako jokalaririk onena aukeratu zuten horregatik. Romelu Lukakuk lortu zuen garaipenaren gola. Hala ere, ondarrutarra erabakigarria izan zen Mohamed Kannok 67. minutuan egindako jaurtiketa gelditzeko garaian.
Atezain ondarrutarrak historia egiten jarraitzen du. 2018ko abuztuan fitxatu zuen Londresko taldeak, eta orduz geroztik taldeagaz lortu duen nazioarteko hirugarren titulu nagusia da honakoa; 2019an Europako Liga txapelketa irabazi zuen taldeak eta 2021ean, barriz, Txapeldunen liga.