Ager Solabarrietak bi podium lortu ditu FEDC Kopan
Zutikako eta etzandako kategorietan parte hartu du, eta bietan aurreko postuetan amaitu du. Lehen postua erdietsi du zutikako kategorian eta bigarrena, etzandakoan.
Asteburuan Larderoko (Errioxa, Espainia) Prado Salobre tiro eremuan lehiatu den FEDC Kopan emaitzak onak lortu ditu Ager Solabarrieta tiratzaile ondarrutarrak. Zutikako eta etzandako kategorietan parte hartu zuen, eta bi kategorietan finalean sartzeko sailkapen proba lehen postuan amaitu zuen.
Finala lehiatu ostean, lehen postua erdietsi zuen zutikako kategorian eta bigarrena, etzandakoan. Pozik agertu da emaitzagaz. “Europako Tiro Txapelketa prestatzeko baliatu dut txapelketa. Aldaketa batzuk egin genituen proba batzuk egiteko, eta horregatik, ohikoa baino emaitza kaskarragoa lortu nuen etzandako kategorian”.