Bost enpresa proiektu lagundu dituzte 2021ean, Mutrikulan laguntzen bidez
2021eko deialdiaren baitan ia 36.000 euro banatu ditu udalak. Zehaztu dutenez, orain arte inoiz eman den laguntzarik handiena izan da.
Mutrikuko Udaleko Garapen ekonomikoa sailak egunotan banatu ditu 2021 urteari dagozkion Mutrikulan izeneko diru laguntzak. Urtero banatzen diren diru laguntza horien helburua da herrian enpresa proiektu iraunkorrak eta lanpostu berriak sortzea. Zehaztu dutenez, herriko bost enpresa proiektu diruz lagundu zituzten iaz, “ekintzaileek ibilbide berria hasteko laguntza eduki dezaten”.
Deialdiaren baitan, guztira, 35.824,38 euroko diru laguntza banatu zuen udalak: Oier Agirrezabala Lumagorri oilaskoen haztegiaren titularrak 3.300 euroko dirulaguntza jaso zuen, Goxart Obradoreak 15.250 eurokoa, Luma Fit enpresak 8.824,38 eurokoa, Eva Ibarrola Urreisti Tximak ileapaindegiaren titularrak 3.300,00 eurokoa eta Joseba Delgado Diez Kai jatetxeko titularrak 5.150 eurokoa. “Dagoeneko zortzi urte dira era jarraian laguntza hauek banatzen direla. Eta aurtengoan inoiz eman den kopururik handiena esleitu da”.
Ondorioak. Udalak 2013an abiarazi zuen herriko enpresa proiektu iraunkorrak eta lanpostu berriak sortzeko helburuarekin ekintzaileak diruz laguntzeko egitasmoa. “Enpresa negozio berriei laguntzeko, guztira, 132.074,72 euro inbertitu dira”. Azaldu dutenez, denbora horretan guztian 40 enpresa proiektu diruz lagundu dira. “Horietatik 30ek oraindik ere lanean jarraitzen dute”. Azken zortzi urteotan 48 lanpostu berri sortu direla ere esan dute.