Carlos Gracia 'Txarli' artistaren marrazki erakusketa antolatu dute Ondarroan
Ondarroan bizi den marrazkilari eta grafitigilearen 'Marra eta hizki deserosoak' erakusketa udal erakusketa aretoan egongo da ikusgai.
Luterl taldeak antolatuta, 20. Komiki Jardunaldiei hasiera emango diete egunotan. Jardunaldiek, aurten, Ondarroan bizi den Carlos Gracia Txarli artista bilbotarraren lana izango dute ardatz, eta lan hori guztia bistaratzeko, Marra eta hizki deserosoak erakusketa antolatu dute. “Txarlik antolatu duen bakarkako lehen erakusketa da honakoa”.
Barikuan [otsailak 18] zabalduko dute erakusketa, eta hilaren 27ra arte artistaren 50 bat marrazki eta grafiti ikusteko aukera egongo da udal erakusketa aretoan. “Aukeraketa bat egin du berak egindako lanen artean. Gehienak marrazkigintzan ardaztuta badaude ere, bere ibilbidean komiki mailan edo umore grafiko mailan egindako lanak ere egongo dira ikusgai, baita espraiagaz egindako beste lan batzuk ere”. Honako ordutegian egongo da ikusgai erakusketa: astegunetan, 18:30etik 21:00etara eta zapatu eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara.
Luterl taldekoek Globhitoren 33. zenbakia ere kaleratuko dute egunotan
Komiki Jardunaldiak uhinetan ere zabalduko dira. Egiteko hori Radixu Irratiaren Azken mohikanoak irratsaioak beteko du. Bi orduko irratsaioan, elkarrizketa egingo diote gonbidatuari. Eguaztenean [otsailak 16] entzun ahal izango da monografikoa, 22:00etatik aurrera. Ion IƱaki Artetxe saioaren gidariak aurreratu duenez, hainbat gai izango dituzte hizpide. “Helburua da bere lana ezagutzera ematea. Bere ibilbidea errepasatuko dugu eta berak aukeratutako kantu batzuk ere ipiniko ditugu. Besteak beste, bere lanari buruz ariko gara eta erakusketari buruz ere berba egingo dugu. Azkenaldian argitaratu dituen lanak ere izango ditugu mintzagai”.
Globhitoren 33. zenbakia ere kaleratuko dute egunotan Luterl taldekoek; erakusketa aretoan zein herriko hainbat tabernatan eta dendatan ipiniko dute eskuragai, eskuorri formatuko argitalpena. “Txarliren biografia bat eta berari egindako elkarrizketa txiki bat jaso ditugu. Relatos incomodos lanari buruzko aipamen bat ere jaso dugu eta baita ere La gallina vasca aldizkariko bere lagun batek berari buruz idatzitako idatzi bat ere”.