Ertzaintzak 1.600 marihuana landare atzeman ditu Ispasterren
Eraikin industrial batean atzeman dute barrualdeko marihuana plantazioa. Bi pertsona atxilotu dituzte, droga trafikoarekin lotutako delitua leporatuta.
Ertzaintzak bi susmagarri atxilotu zituen Ispasterren astelehenean [otsailak 14]. Susmagarri biei bertako eraikin industrial batean atzemandako marihuana plantazioaren arduradunak izatea leporatu diete. Atxilotuak, zehazki, 48 urteko plantazioaren ustezko arduraduna eta 46 urteko beste gizonezko bat direla jakitera eman dute. Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten atxilotuak, dagozkien polizia eginbideak irekitzeko; datozen orduetan ipiniko dituzte agintari judizialen eskuetan. Azpimarratu dute ikerketak zabalik jarraitzen duela, eta ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea.
Zehaztu dutenez, eraikin industrialaren barruan 1.600 marihuana landare aurkitu zituzten, zazpi negutegitan banatuta. Ertzainek landareak hazteko eta eraldatzeko beharrezko guztia ere aurkitu zutela gaineratu dute. “Prentsatutako buruak zituen kutxa bat, lanparak, hezetasuna kentzeko makinak eta landareak hazteko eta eraldatzeko beharrezko azpiegitura guztia ere aurkitu zen”.
Ikerketa urtarrilean hasi zutela azaldu dute, Ondarroako Ertzain etxeko agenteek Ispasterko eraikin industriala zaintzeko dispositibo bat ipini zutenean. “Substantzia estupefazienteekin trafikatzen ari zitezkeela susmatuta ipini zen dispositiboa. Ikerkuntza operatiboari esker, eraikin industriala Ispasterko bizilagun batek alokatu zuela eta bertan ibilgailu eta pertsona mugimendua zegoela jakin ahal izan zen, enpresa jarduerarik ez bazegoen ere”. Hori jakinda, eraikin industrialean sartzeko eta miaketa egiteko epaile agindua eskatu zuten.