Torturak eragindako indarkeria bistaratu dute Ondarroan
Plastikozko poltsa beltzez estalitako 58 aulki huts ipini dituzte Alamedan, hainbat polizia-aparaturen menpe torturatuak izan diren herritarren izenekin.
Domekan [otsailak 13], 41 urte bete ziren Joxe Arregi zizurkildarra Espainiako poliziaren komisarian jasotako torturen ondorioz Carabanchelgo (Madril, Espainia) espetxean hil zela. Ordutik, otsailaren 13a torturaren kontrako aldarria zabaltzeko eguna bihurtu da. Hori dela eta, zeinbat ekintza egin dituzte egunotan Euskal Herriko hainbat herritan.
Ondarroan, esaterako, plastikozko poltsa beltzez estalitako 58 aulki huts ipini zituzten domekan Alamedan, hainbat polizia-aparaturen menpe torturatuak izan diren herritarren izenekin, torturak eragindako indarkeria bistaratzeko. Ernaik ohartarazi du Euskal Herrian 5.657 pertsona torturatuak izan direla, “kolore ezberdinetako poliziaren” eskutan. “Inpunitate guztiagaz egin zituzten egin zituztenak, estatu egitura oso bat atzean zutelako”.
Ekintzagaz, hain zuzen, errekonomizimendua, aitortza eta halakorik berriro ez gertatzeko bermea aldarrikatu zuen Ernaik. “Belaunaldi berrioi dagokigu gatazka politikoari buruzko kontaketa zapaltzaileei eguneroko borrokagaz aurre egitea. Egia ukatu digutenei gure hitz propioekin erantzungo diegu. Euskal Herri aske baten alde lanean jarraituko dugu, inork inoiz ez dadin halakorik berriro pairatu”.