Xabier Larrea: "Gutxiagogaz bizitzera gonbidatu nahi dut ikuslea antzezlanean"
Markina-Xemeindar aktoreak bihar [otsailak 17] aurkeztuko du Gijoneko FETEN azokan 'PIng Pang' bere azken antzezlana. Hamazortzi hilabetean aritu da munduaren egoera kritikatzen duen lana prestatzen.

FETEN haurrentzako Arte Eszenikoen Europar Azokan aurkeztuko duzu Ping Pang. Erakusleiho handia da, zelan zaude?
Ezin dut ezkutatu apur bat urduri nagoela, FETEN Espainiako estatuan dagoen azokarik handienetako bat da. Begi asko izango ditut gainean, eta garrantzitsua da antzezlana ondo egitea. Hala ere, bestetik, lasai nago hamazortzi hilabete luzetan aritu naizelako antzezlan hau prestatzen. Zortzi aldiz jarri naiz dagoeneko ikusleen aurrean, eta asko ikasi dut bakoitzetik, zer eta zelan hobetu. Lan asko dago atzetik, xehetasun denak prest daude, eta horrek lasaitzen nau.
Hala ere, ez da oholtza gainera igotzen zaren lehen aldia. Zelako harrera izan du antzezlanak orain arte?
Bilbon, Santanderren, Elorrion edota Orion egon naiz dagoeneko, eta hasieratik oso harrera ona izan du Ping Pang-ek ikusleengandik. Jendea gozatzen ikusten dut, ondo pasatzen, barrezka, eta iritzi onak jaso ditut alde guztietatik. Ikuslea pentsaraztera bideratzen duen antzezlana da, mezua ulertzen dute, eta hori da gakoa. Horrela jarraitzea da helburua.
Lan eta denbora asko daude ikuskizun honen atzean, zelan bizi izan duzu?
Hamazortzi hilabete antzezlan baterako asko dira. Buruari buelta asko eman dizkiot, denbora asko pasa dut asmakizunak egiten edo erresidentzia artistikoak egiten, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, adibidez, ordu eta egun asko pasa ditut. Laguntzaile asko izan ditut, eta hori beti da ona, Txefo Rodriguez da zuzendari artistikoa, Imanol ItuiƱo zuzendari magikoa eta eszenografiarako Javier Lorenaren laguntza izan dut. Lan talde bikaina osatu dugu, bakoitzak bere esperientzia eta jakintasunetik proposamenak eta ideiak gehitu ditu. Lan kreatiboaren prozesuan froga asko egin ditugu, pausoz pauso, hori delako lana ahalik-eta ederren geratzeko bide bakarra. Nire ustez, lan oso ona egin dugu, eta orain azken emaitza ikusteko unea da.
Aurretik, Up!!!, Filamento farolaria, The Funestroup aukerak eta Mr Frack antzezlanetan parte hartu duzu, baina proiektu berezia izan da?
Proiektu oso berezia da niretzat, normalean, orain arte, kale antzerkian aritu naiz, eta antzezlan honegaz aretoetara egin dut jauzi. Askotan egon naiz oholtza gainean, baina lan hau da bakarra bakarrik aretoetarako diseinatu dena. Alde horretatik, oso berezia da. Bestalde, lan asko dago atzetik, inoiz baino gehiago. Diru laguntzak jaso ditut, eta nik pertsonengan inbertitu nahi izan dut ikuskizun ahalik-eta onena lortu nahi dudalako.
Munduaren egoera islatu nahi duzu antzezlanaren bidez?
Gure bizitza maila ez da bideragarria eta kolapsorako bidean goaz, horren inguruan hitz egiten du lan honek, gutxiagogaz bizitzera gonbidatu nahi dut ikuslea antzezlanak irauten duen 50 minutuetan. Proiektu honen ideia nagusia duela hamar urteko krisi ekonomikoarekin hasi zitzaidan, eta bizi dugun pandemia egoera honek gogora ekarri dit berriro. Ideia hori berreskuratzeko unerik onena zela uste dut. Dirua beti esku berdinetan mantentzen da, jende berdinagaz, duela hamar urte eta gaur egun. Buru berdinek segitzen dute erabakiak hartzen, nahi dutenean betiere, eta diruaren menpe. Bakoitzak bere interesak babesten ditu, eta bakarrik nahi dutenerako jartzen dira ados munduko liderrik handienak. Koronabirusa gure bizitzetan agertu zenean oso arin jarri ziren ados konfinamendua ezartzeko, baina gero gure etorkizunerako hain garrantzitsua den aldaketa klimatikoa bezalako gai baterako ez dute batasunik lortzen. Orain da unea lurrak zehazten digun bizitza erritmoa garatzeko, dena arin eta presaka egin nahi dugu eta, azkenean, eztanda egingo dugu. Erabaki hauekin kontrol soziala ezartzen dute. Adibidez, lehen mundukoak ez diren herrialdeetan agian ez dute gure bizitza maila bera, baina bizitza kalitate hobea dute. Ez dute behar hainbeste gauza materialik pozik egoteko, lagunak edo familia hobeto zaintzen dituzten bitartean. Guretzako denbora gehiago behar dugu azkenean.
Zure erara egin nahi duzu, testurik gabe eta ping-pongeko pilotekin.
Hau dena nire erara transmititu nahi dut, hau da, umorearen, malabareen eta antzerkiaren bitartez. Are gehiago, testurik ez duen proiektu bat da, mezu bat dago atzetik, baina bakoitzak bere ondorioak ateratzen ditu atetik irteten denean. Azkenean, betiko legez, helburu nagusia ikusleek ondo pasatzea da. Ikuskizunean ping-pongeko pilotek nahi ditugun gauza material horiek ordezkatzen ditu, bizirauteko funtsezkoak dira. Eta ni naiz haiekin jokatzen duena.