Gorabideko langileek lan hitzarmena betetzeko eskatu dute Ondarroan
'Gorabide, langileak borrokan' lelopean, Bizkai osoko Gorabideko langileak kalera atera dira gaur. Azkenaldian jasaten ari diren murrizketak salatu eta lan baldintza duinak eskatu dituzte Maskulo Etxearen aurrean egindako elkarretaratzean.
Elkarteak 60 urte betetzen ditu aurten, baina eurek ez dutela ezer ospatzeko azpimarratu dute. Lan baldintzak duinak “bermatzea” ezinbestekoa dela esan dute, baina azken urteotan egon diren murrizketek hori ezinezkoa egiten dutela azaldu dute. “Aurrerapausoak eman barik, atzerantza goazela ikusi dugu. Modu beretsuan, gure lan baldintzak ere kaskartu egin dira”.
Besteak beste, lan egutegien “inposizioa” salatu dute. Justifikatutako benetako arrazoirik barik egutegiak alde bakarrez ezartzeak langileak “zigortzen” dituela esan dute. “Lehen egun libreak hartzeko arau batzuk zeuden ezarrita, baina orain momentu honetan hori ez da posible”. Jarrera horrek langileen lana eta norberaren bizitza kontziliatzeko eskubideetan “urraketa” dakarrela azpimarratu dute. “Libre hartzeko egun horiek jai egun finkoak bihurtu dira, eta horrek asko kaltetu gaitu, ez delako bateragarria kontziliazioagaz. Gure lan hitzarmena beteko dutela diote behin eta berriz, baina ez dute errespetatzen; zakarrontzian geratu dela iruditzen zaigu”.
Kontratazio berrietan eta ordezkapenetan egoera “are okerragoa” dela ohartarazi dute. “Gu baino okerrago daude; euren lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Hemezortzi lanpostu atera ditu duela gutxi enpresak, baina ez dute egutegi zehatzik; lanpostura joateko bi ordu lehenago deitu ahal diete, eta horrela langileok ezin dugu bizi”. Langileek aniztasun funtzionala duten pertsonei zaintza eskaintzen diete, eta egoera horretako kaltetu nagusiak Gorabideko egoitzetan bizi diren egoiliarrak direla gogorarazi dute; hori dela eta, akordio bat lortzea ezinbestekoa dela esan dute.
Bizkai mailan egiten duten hirugarren protesta izan da gaurkoa. “Aurretik, AbadiƱon eta Bilbon mobilizatu gara”. Eta euren eskariak entzun arte kalean jarraituko dutela esan dute. Are gehiago, enpresako arduradunek negoziatzeko jarrerarik erakusten ez badute, beste urrats bat eman, eta jakinarazi dute ez dutela alde batera lagatzen lan uzteak egiteko aukera. “Gure asmoa da mahaian jartzea eta honi guztiari irtenbidea ematea, baina enpresako arduradunek ez dute horretarako borondaterik erakusten; momentu honetan dena geldirik dago. Eskubideak bermatuko dituen hitzarmen duin lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu.