Arnoko karsteko koba eta leizeak, Mutrikuko Mendiz Mendi zikloko azken protagonistak
Mendia, abentura eta natura gaiei buruzko zikloko azken emanaldia eguenean [otsailak 24] eskainiko dute Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan. 19:30ean hasiko da emanaldia.
Josu Zeberio Burumendi Espeleologia Taldeko kideak aurreratu duenez, Etenik gabe Arnoko erraietara izeneko emanaldiak ordubete inguru iraungo du. “Oso dinamikoa eta oso bisuala izango da, irudi askorekin lagunduta”. Arnoko karstean, Astigarribia eta Olatz auzoetako eremuan aztertu dituzten koba eta leize garrantzitsuenei eta bertan egin dituzten aurkikuntzei buruz jardungo du. Egiten ari diren azterketa zientifikoari buruzko hainbat xehetasun emango ditu, argazki eta ikus-entzunezkoekin lagunduta. “Egin ditugun aurkikuntzei buruzko hainbat adibide erakutsiko ditut”.
Batez ere, Kobetako leizean egin dituzten aurkikuntzei buruz ariko dela zehaztu du. Azken hiru urteotan aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte leze horretan. Denbora gutxian, ia 5 kilometrora arte esploratzea lortu dute. Sistemak bi sarrera ditu, baina hirugarren baten bila dihardutela dio. “Sarrera hori non egon daitekeen ere jasota daukagu”.
Emanaldia, gainera, espeleologian egiten diren erreskate lanei aipamen bat egiteko baliatuko dute
Azken aurkikuntzen artean, aurkitu berri duten lakuari buruz ere ariko da. “Lakua aurretik non zegoen aurkituta genuen, baina aurreko zapatuan [otsailak 19] berau zeharkatzeko eta esploratzeko prestatuta joan ginen, traje, baltsa eta guzti. 41 metroko luzerako eta 15 metroko zabalerako laku bat zeharkatu genuen, eta horri buruzko argazki eta bideo ikusgarriak ditugu. Jasotako irudiak primizian proiektatuko ditugu Mutrikun; material hori elkarteko jende gutxik ikusi du oraindik, eta jendaurrean aurkezteko gogotsu gaude”.
Arnoko karsta “oso aberatsa” dela dio, eta inguruetan, beste leku gutxitan ikus daitezkeen “altxor ezezagun eta ezkutu” asko dagoela azpimarratu du. Horietako bat Kobeta leizeko eszentrikoen gela dela dio. “Hamar urte daramatzat espeleologia praktikatzen. Ibili naizen lekuetan gauza ikusgarriak ikusteko aukera eduki dut, baina bertatik bertara ere gauza garrantzitsuak daude. Besteak beste, goruntz hasten diren estalaktita bereziak dauden eszentrikoen gela bat aurkitu dugu Kobetan, lorategi bat dirudi gelak; halako mailako gela bat nik neuk Pozalaguan ikusi dut bakarrik”.
Emanaldia, gainera, espeleologian egiten diren erreskate lanei aipamen bat egiteko baliatuko du. “Espeleologian aritzeko prestakuntza eta ekipazioa behar direla azpimarratzeko ere baliatuko dut saioa; kontu handiz eta era arduratsuan egin beharreko kirola da. Euskal Espeleo Laguntza elkarteko kideak ere bagara, eta Arantzazu inguruko Gazteluko leizean egindako simulakroaren irudi batzuk ere proiektatuko ditugu”.