'Egunkaria'-ren ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko dute Ondarroan
'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta' eguaztenean [otsailak 23] aurkeztuko dute, 19:00etan, Kofradia Zaharrean.
Joan Mari Torreladai Nabeak ia amaituta laga zuen liburua aurkezteko solasaldi zikloa antolatu dute Berria, Elkar eta Jakin fundazioak datozen asteetarako, eta Ondarroan egingo du bigarren geldialdia, HITZAren eta Ondarroako Udalaren laguntzagaz. Torrealdaik hil aurretik hasitako memoria lana amaitzeko enkargua Joanmari Larrartek jaso zuen, eta, hain zuzen ere, berak egingo du aurkezpena, ‘Egunkaria’ sortzeko ekimenean parte hartu zuten hainbat kide ere ondoan dituela. “Haien eskutik jakin ahal izango da Egunkaria nola sortu zen, nola landu zuten eta zer ibilbide egin zuen”.
2021ean urte amaieran kaleratu zuten lana, eta Kofradia Zaharreko ekitaldian zatirik “interesgarrienak” aurkeztea dela asmoa iragarri du Larrartek. “Egunkariaren sorrera eta prozesu hori guztia herrian ere zelan bizi izan zen elkarbanatuko dugu eta, azkenik, mahai inguru antzerako bat egitea da asmoa, han egongo den jende guztiagaz”. Ekitaldian, gainera, lana erosteko aukera ere egongo da. “Bestelakoan, Berria dendan edo edozein liburu dendetan eskuratu daiteke”.
Erakundeekin edukitako “harreman gatazkatsuen” eta diru laguntzak lortzeko egin beharreko mugimenduen berri ere badakar liburuak
Zortzi kapitulutan banatuta, 1990an sortu zenetik eta 2003an Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zutenera arte Egunkaria-k eduki zuen garapena eta ibilbidea kontatzen du. Lekukotza, hemeroteka eta barne dokumentuetan oinarritutako lana da, baina Larrarteren iritziz, ez du Egunkaria-ren historia kontatzen. Torrealdaik lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa kontatzen dela dio. “Liburu horretan jasotzen dena da Egunkaria izan zenari buruzko historia pertsonal bat. Bere bizipenetik abiatutako kontaketa da, gogoeta pertsonalekin osatu eta aberastua. Liburu honetan hori dena kontatzen du, sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea”.
Torrealdaik Egunkaria Sortzen taldea eratu zenetik parte hartu zuen Egunkaria-n, eta hura itxi zutenean lehendakaria zen. “Liburuan kontatzen du, besteak beste, sortze prozesua nola abiatu zen. Arinagotik bidea ereiten hasita zegoela dio liburuan. Euskarazko egunkari baten aldeko aldarria eta interesa azken mende osoan zelan indarrean egon zen gogora ekartzen du lanak, eta 80eko hamarkadaren amaieran Argia-tik zelan erabakitzen den garaia dela euskarazko egunkari bati eusteko”.
Erakundeekin edukitako “harreman gatazkatsuen” eta diru laguntzak lortzeko egin beharreko mugimenduen berri ere badakar liburuak. “Kontuan hartu behar da sorreran Eusko Jaurlaritzatik boikot bat izan zuela, eta ez zuela laguntzarik eduki. Horrek zailtasunak ekarri zituen, baina horrek eskatu zuen eustea proiektuari eta garatu ahal izatea”. Itxierari buruz ere ariko da hitzaldian. “Itxiera nondik nora etorri eta zelan gertatu zen errepasatuko dugu. Itxieraren atzean zeuden ibilbide juridiko, politiko… eta horien guztiei buruzko gogoetak ere ekarriko ditugu gogora”.