Mutrikuko Korrika Batzordea astero batzen hasiko da
22. Korrika apirilaren 7an ailegatuko da herrira, eta egun hori ailegatu bitartean astero batzeko asmoa agertu dute Korrika Batzordeko ordezkariek.
Eguaztenero, 19:00etan hasita, Luardon batzeko gonbidapena luzatu diete modu batera edo bestera antolaketa lanetan lagundu nahi duten herritar eta eragile guztiei. Batzordea zabala dela gogorarazi dute. “Laguntza guztia ongi etorria izango da”.
Datozen asteetan egingo dituzte ekintzak ere zehazten hasita daudela esan dute. “Martxoan, pare bat asteburutan, Korrikako materiala saltzen egongo gara. Ohi modura, Korrika Txikiak ere egingo dira, bi ikastetxeen esku. Korrika girotzeko, gainera, kontzerturen bat edo beste ere antolatzeko asmoa ere badaukagu, baina oraindik ez dugu datarik zehaztu”.
Kilometroen salmentarekin eta banaketarekin ere egunotan hasiko direla iragarri dute. “Eguazteneko [otsailak 23] batzarra horretarako baliatuko dugu. Beste Korrika batzuetan parte hartu duten eragileekin eta taldeekin harremanetan jartzeko asmoa dugu, parte hartzeko asmoa duten ala ez jakiteko. Beste talderen batek edo bestek ere kilometroa erosteko interesa agertu ditu, eta horiekin ere jarriko gara harremanetan”.