Arretxinagako San Migel ermitako obretarako diru gehiago bideratuko du Markina-Xemeinek
Ezohiko eta urgentziazko Osoko Bilkuran beste 39.412 euro inbertitzeko erabakia hartu dute. EH Bilduk “presaka” lan egitea leporatu dio udalari.

Aurreko legegintzaldian hasi zen Markina-Xemeingo Udala Arretxinagako San Migel ermitako obrekin. Lehendabizi, santuak berritu zituzten, barandak egonkortu, artegi berria instalatu, aulkiak aldatu eta lurreko harlanduak konpondu. Beraz, orain martxan dagoena, lanen bigarren fasea da. Hasierako helburua zen ermita margotzea, baina orain, igeltserotza lanak aurrera eramateko beharra ikusi da.
Azken orduko lan hauek azkenean kostuak areagotu ditu. Hala ere, udaletik adierazi dute, “Udalkutxako behin betiko likidazioa ezagutu ostean hartu da erabakia”. Udalak aurreikusitakoa baino 61.246 euro gehiago jasoko udalkutxatik, eta diru horren zati bat ermitako obretara bideratuko dute. “Aspalditik” hobekuntza bat behar zuela azpimarratu dute, “Markina-Xemeingo ondarearen funtsezko elementua izateaz gainera, turismo aldetik ere pisu handia du”.
Proposamenak. EH Bildu Ermitaren berritzearen beharrizanagaz “ados” agertu da, baina lanak “presaka” egitea leporatu dio udalari. “Lanak egin ahal izateko, udalak presaka aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundian diru laguntzaren eskaera. Udazkenean lortu zuen, baldintzetako bat urte amaierarako amaituta egotea zen”.
EH Bildutik jakinarazi dutenez, ondare teknikoek lanak egiteko “beste era batzuk” markatu zituzten eta horren harira kostuak 60.506 eurotik 105.266 eurora igo dira, hau da, 44.780 euro gehiago behar izan dira. “Berritze plana ezin du diru laguntza batek baldintzatu. Udal gobernu honek horrela lan egiten du, aurreikuspen falta handiagaz eta presaka”, esan dute.
Horrez gain, koalizioko zinegotziek herriko ondarearen inguruko lanketa “handiago bat” egitea planteatu dute. Horretarako, zenbait proposamen zehatz aurkeztu dituzte. Diruzulo trikuharriko azalpen harria eta plaka desagertuta daude, eta berriak ipintzeko eskaera luzatu dute.
Proposatutako beste ideietako bat da lurrean dauden San Pedro Eleixabarriko elizaren harriak herriko parkeren baten edo toki publikoren baten jartzea. EH Bilduk gogoratu nahi izan du aurten 70 urte beteko direla Markina eta Xemein batu zirela, eta, horrenbestez, “mugarri zaharren katalogoa egin beharko litzateke”. Azkenik, martxan dauden memoria ibilbideei “behar duten bultzada” ematea eskatu dute.