Joanmari Larrarte: "'Egunkaria' herri oso baten lanaren ondorioa izan da"
Joan Mari Torrealdaik ia amaituta laga zuen ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ liburua aurkeztu du Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Torrealdaik hil aurretik hasitako lana amaitzeko ardura berak eduki du, eta ekitaldian zortzi kapitulutan banatuta dagoen lanaren xehetasunen berri eman zuen eguaztenean [otsailak 23]. 1990an sortu zenetik eta 2003an Auzitegi Nazionalaren aginduz bortizki itxi zutenera arte Egunkaria-k eduki zuen garapena eta ibilbidea errepasatu zituen.
Azpimarratu zuenez, gainera, lanak ez du Egunkaria-ren historia kontatzen. “Irakurleek liburu honetan topatuko dute Joan Marik lehen pertsonan kontatutako Egunkaria-ren ibilera bat. Berak nola bizi izan zuen eta zelan gertatu zen kontatzen du. Baina azpimarratuko nuke, baita ere liburuan ikusten dela nola herri ekimenak sinesten duenean, eta herri batek sinesten duenean, posible dela oso zailak izan daitezkeen eta urruti ikusten ditugun hainbat proiektu gauzatzea. Liburuak horren aldarri bat egiten du”.
Saioan, gainera, Egunkaria sortzeko ekimenean parte hartu zuten Fede Badiolak eta Joserra Egiluzek eta Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak ere parte hartu zuten. Liburuan agertzen diren hainbat pasarte gogoratu zituzten, eta agertzen ez diren beste hainbat ere konpartitu zituzten.
Larrartek amaieran esan zuenez, saio “oso parte hartzailea” izan zen. “Etorritako guztiek esan dute zerbait, eta nik uste dut hori dela saiatu garena bilatzen saio honetan. Egunkaria, azkenean, herri oso baten lanaren ondorioa izan da. Herri oso baten ekarpen bat izan zen, eta herri horrek guztiorrek bakoitzak bere oroimenetik gogoratzea, nire ustez, oso positiboa eta interesgarria da”.