Lea-Artibaiko bi talde ariko dira Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketan
Txapelketa martxoaren 25ean hasiko da, Barakaldon. 21 taldek eman dute izena, eta 200 parte hartzaile inguruk parte hartuko dute.
Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzea du helburu Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketak. Oinarrian eragiteko, bertso eskolak eta eskualdeak indartzeko eta bertsolari berriei plazarako bidea errazteko asmoz antolatu zen lehenengoz 2017an, eta bigarrenez 2019an. Aurten, hirugarrenez egingo dute, eta Lea-Artibaiko bi taldek parte hartuko dute bertan. Gainera, kanporaketetako bat Markina-Xemeinen lehiatuko da, apirilaren 29an, Buztarri tabernan.
“Oinarrian eragin gura dugu, bertso eskolak eta eskualdeak indartu. Horretarako, gune ludiko bat eskaini gura dugu, izan ere, taldekakoa giro informalean eta jai giroan gauzatzea da helburua”, adierazi dute arduradunek. Batez ere bertsolari hasi berriei plazarako bidea eskaintzea da bilatzen dutena. Horrez gainera, antolatzaile, epaile eta gai jartzaile berrien sorrera bultzatu gura dute. “Eta zelan ez, eskualdeen arteko harremana sendotzea da asmoa”.
Aurten 23 taldek eman dute izena Taldekakoan, aurrekoan baino talde bi gehiagok, eta ia 200 parte hartzaile bilduko ditu. Parte hartzaileen perfila anitza da oso: gazteak direnak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak edota txapeldunak. “Aniztasun hori lortu gura zen, eta lortu da”, diote arduradunek. Horien guztien artean daude Lea-Artibaikoak: Akerbeltzen Antxumak eta Poto Baptist School.
- Akerbeltzen Antxumak (Markina-Xemein): Jone Antsotegi, Joseba Sololuze, Josune Aramendi, Maddi Ibaibarriaga, Nahia Ibarzabal, Nerea Ibarzabal eta Sara Asenjo.
- Poto Baptist School (Lekeitio): Aissa Intxausti, Aitor Arrizubieta, Aitor Ruiz, Garazi Navarro eta Xabat Galletebeitia.
Talde bakoitza gutxienez sei lagunez osatuta egon behar da. Bertsolariak ez ezik, talde bakoitzean, epailea, gai jartzailea eta laguntzailea ere badaude: “Kanporaketa saio bakoitzean hiru bertsolarik, gai jartzaile batek, epaile batek eta laguntzaile batek parte hartuko dute”. Izan ere, ohiko txapelketan parte hartzeko motibazioa ez daukatenei aukera “desberdin bat” eskaini gura die Taldekakoak.
Talde bakoitzak epaile bat edukiko du saio bakoitzean, baina horrez gain, publikoaren iritzia ere kontutan hartuko da. Beraz, saio bakoitza puntuatzeko hiru taldeetako epaileen balorazioari publikoarena gehituko zaio. Saio bakoitzeko gaiak ere hiru taldeetako gai jartzaileen artean pentsatuko dituzte.
Bi fase. Taldekako txapelketak bi fase izango ditu: kanporaketa fasea eta maiatzaren 28ko finalaren eguna. Finala Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera jokatuko da Larrabetzun.
Kanporaketa faseko saio gehienak hiru taldeka jokatuko dira, eta kanporaketa bakoitzeko talde bat pasatuko da finalera. Kanporaketa bakoitzean hori saio labur izango dira: lehenengo taldea bigarrenaren kontra, bigarrena hirugarrenaren aurka eta lehenengoa hirugarrenaren kontra. Saio bakoitzetik talde batek egingo du aurrera.
Finalaren egunean hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Finalaurreko bakoitzean, 3 taldek saio bakarra lehiatuko dure, eta irabazlea sailkatuko da finalera.
EGUTEGIA, eta saio bakoitzean ariko diren taldeak:
- Martxoak 25 (Barikua, Barakaldo): Itallen, Urruxarrak eta Far Westeko bertsolariak. Ordua eta lekua zehazteke.
- Apirilak 9 (Zapatua, Zornotza): Leioatik Leioara, Basordako Piratak eta Zornotzako Bertso Eskola. Ordua eta lekua zehazteke.
- Apirilak 29 (Barikua, Mungia): Take iT easy!, Laukijjjek eta Santutxuko bertso eskola. Ordua eta lekua zehazteke.
- Apirilak 29 (Barikua, Getxo): Estropozu, Tosu bizirik eta Koipelustriek. Ordua eta lekua zehazteke.
- Apirilak 29 (Barikua, Iurreta): KristiƱanak, Ez dakit ba! eta Poto Baptist School. OromiƱo auzoan egingo dute bertso lehia.
- Apirilak 29 (Barikua, Markina-Xemein): Akerbeltzen antxumak eta Gerri maltxurrak. Buztarri tabernan egingo dute bertso saioa.
- Apirilak 30 (Zapatua): Beethovenen belarriak, Topera, eta Azkena eta etxera. Ordua eta lekua zehazteke.
- Maiatzak 13 (Barikua, Arrigorriaga): Kantakunek, Potojorri eta Taketalez. Ordua eta lekua zehazteke.