Lekeitioko Udalak saihesbideko lurrak lortu ditu, eraztun berdea lortzeko bidean
Bizkaiko Foru Aldundiagaz akordioa sinatu dute, eta oinezkoentzako bideko proiekturako bi gune hartuko ditu.
Joan den barikuan onartu zuten 2021eko urrian urte askotako borrokaren ostean Lekeitioko Udalak egindako eskaera. Horrenbestez, saihesbideko lurrak “herriarentzat” izango direla esan dute. Bertan, oinezkoentzako ibilbide berdea osatuko dute.
Udalak eraztun berdea eraiki nahi du, herria inguratuko duen oinezkoentzako bide segurua. Proiektuak bi gune hartuko ditu. Batetik, Eluntzetatik aparkalekuetara doan bidea, garai bateko Ispasterrerako errepidea zena, oinezkoentzako ibilbide segurua bihurtuko dute. Bestetik, Arropain eta bidegorria lotzeko asmoz, oinezkoentzako bidea egokituko dute.
Proiektu hori udalak aurretik egindako beste batzuen jarraipena da. Izan ere, 2015 urtean itsasertzeko pasealekua berreskuratzen hasi zen, portuko olatu hormaren eta Santa Katalina etorbidearen hasieraren artean. Horrez gain, Santa Katalina etorbidean 170 metroko espaloia eraiki zuten, eta hurrengo urteetan itsasargira doan pasealekuagaz jarraitu eta horren amaieran zegoen espaloi zatiagaz lotu zuten, guztira 1.146 metroko espaloia eginez.