Mozorroak, armairutik kalera
2020tik ondo gordeta zeuden mozorroak ateratzeko edo berriak sortzeko irudimena dantzan jartzeko momentua heldu da. Egitarau oparoak aukeran daude Lea-Artibaiko udalerrietan Mutrikun.
Iazko etenaren ostean, gogotsu datoz aurtengo aratusteak. Asteburua beteta dator, baita ere astelehena eta martitzena. Kaleak berriro ere kolorez betetzeko gogoz daude txikiak zein helduak. Lea-Artibaiko eta Mutrikuko bizilagunek ondo gordeta zituzten mozorroak zein berriak jantziko dituzte, eta kolorez beteko dituzte kaleak. Eskola umeak ere kalejiran ateratzeko gogoagaz daude.
Inauteri domeka tradizioz betetako eguna da Markina-Xemeinen. Urtean behin egiten duen modura, agerraldia egingo du Hartzak Zerutxuko dantzariekin batera. Zapatuan [otsailak 26], Lantzeko inauterietara hurbilduko dira Ondarroan, eta zapatuan zein domekan [otsailak 27] udalerri askotan, gainera, kalejirak, umeen jolasak zein jolas parkeak, diskofestak… antolatu dituzte.
Lekeitiarrentzat aratuste martitzena izan ohi da egun handia. Baina, aurretik ere kalerik kale ibiltzeko aitzakia ederrak badituzte. Izan ere, bariku [otsailak 25] eta astelehen [otsailak 28] iluntzean eta zapatuan goizetik gauera arte kalejiretan murgilduko dira, herriko taldeen gidaritzapean.
Lehiaketak. Mozorro lehiaketak ere ez dira faltako. Aulestin, Etxebarrian eta Gizaburuagan egingo dituzte. Gizaburuan nagusientzako 50 euroko eta umeentzako 25 euroko sariak egongo dira.
Aulestin, berriz, antzezpen onena egiten duten nagusien kuadrillari 70 euro eta urtebeterako oroigarria emango dizkiote, eta gaztetxoen kuadrillari 35 euro eta diplomak. 25 euroko sari berezia ere egongo dela iragarri dute.
Etxebarrian umeentzat, gazteentzat–13-16 urte– eta nagusientzat–17 urtetik gora– egongo dira sariak. Umeetan hiru adin-tarte bereizi dituzte: 0-4 urte, 5-8 urte eta 9-12 urte. Talde onenak ere saria jasoko du; gutxienez hirukoteak izan beharko dira. Sariak ematerako orduan kontuan hartuko dituzte eskuz egina izatea, originaltasuna eta antzezpena egokia izatea. Era berean, dotoreen apainduta dagoen establezimendu komertziala aukeratuko dute zapatu arratsaldean. Udaletik eta Kultura batzordetik esan dutenez, epaimahaia talde bakoitzeko kide batek ordezkatuko du.
Halaber, Ondarroako Udalak herriko tabernak eta dendan mozorrotzera eta apaintzera animatu dituzte ondarrutarrak. Ondarroan udal egitarauaz gain, Gaztetxeak ere osatu du berea, eta Zeru gaia aukeratu dute inauterietarako.
Aratusteak, gainera, martxoaren 5era arte luzatuko dira. Ziortza-Bolibarren Ihauteriak sormen tailerra eta txitxiburduntzia egingo dituzte umeentzat, Markola Guraso Elkarteak antolatuta, frontoian.
Ondo pasatzeko eta zentzuz jokatzeko deia zabaldu dute udaletako agintariek zein lekuan lekuko eragileek.