Txarli Gracia: "Zaletasuna eta bizioa uztartzen ditu, batez ere, marrazkigintzak"
Ondarroan bizi den marrazkilari eta grafitigilearen ‘Marra eta hizki deserosoak’ erakusketa Ondarroako udal erakusketa aretoan dago ikusgai. Domekara [otsailak 27] arte dago bisitatzeko aukera.

Duela gutxi kaleratu duzu Miren Olatu zeladore banpiroa bildumako bigarren komiki liburua. Zelan sortu zen hazia?
Mendaroko Ospitalean zeladore modura egiten dut lana, eta Mariola Regiosa lankideagaz batera sortutako proiektua da. Mariolari behin, erdi txantxetan, marrazki bat oparitu nion bera Miren Olatu zeladore banpiroa modura karikaturizatuta. Gauza batek bestea ekarri zuen, eta azkenean komiki bihurtzea erabaki genuen. 2020ean kaleratutako Living in Josakidetza lanak harrera ona eduki zuen gure lankideen artean. Ospitalean hainbat ale saldu genituen, eta edukitako arrakasta ikusita, bildumako Caida y auge de Miren Olatu bigarren lana kaleratzea erabaki genuen 2021eko abenduan.
Biren artean kaleratu duzue lana. Zelan antolatzen zarete?
Bion artean aukeratzen ditugu gaiak, eta gero hortik gidoia sortzen joaten gara. Mariolari hainbeste gauza bururatzen zaizkio, eta ideia horiek gauzatzen joan gara. Marrazkiak eta diseinuak nireak dira eta agertzen diren elkarrizketa gehienak ere bai. Bildumako bigarren lanean, gainera, kolaborazio gehiago ere eduki ditugu.
Zeintzuk?
Beste bi lankidek, izpietako bi teknikarik, ideia batzuk eman dizkigute, eta horiek ere gauzatu ditugu. Proiektua, azkenean, lantaldera zabaltzea lortu dugu.
Zer mezu helarazi nahi izan duzue honegaz bildumagaz?
Egiten dugun zeladore lanean oinarrituta dago komikia, dena ere, umore beltzagaz lagunduta. Azken finean, ospitaleko eguneroko bizitzagaz umorea egin daitekeela adierazten saiatu gara. Helburua da umorea egitea eta ospitaleko egunerokoan irribarre batzuk sortzea. Baina, aldi berean, kritika bat egiten diogu Osakidetzari eta bere antolakuntzari. Giza baliabideak zelan kudeatzen diren edota medikuen hierarkia eta klasismoa kritikatzen dira, besteak beste. Gu zeladoreak gara, eta hierarkia horretako azkenak gara; horregaz guztiagaz jolastu nahi izan dugu, betiere, umoretik.
Ondarroakoa bakarrik egiten dudan estreinako erakusketa da. Batez ere, azken 10-12 urteotan egindakoaren laburpen bat ikusi daiteke bertan
Autoeditatutako lan hau non lortu daiteke?
Eskuz esku banatu dugu, batez ere. Bilboko DDT dendan, Jocker komiki dendan eta Deustuko Louis Michael liburu dendan eta Ondarroako Basati pizzerian ere lortu daiteke. Udal erakusketa aretoan ere salgai dago. Bildumako bigarren lana erosteko aukera dago bakarrik, izan ere, lehenengo lana agortuta dago. Hori bai, inprentan bigarren edizio bat egiteko eskaera eginda daukagu.
Bildumak edukiko du jarraipenik?
Bigarren lanaren amaiera, nahita, nahikoa irekita laga genuen. Zer gertatuko den airean laga genuen, nahi izanez gero jarraipena emateko. Egia esan, istorio eta abentura batzuk sortzen hasita gaude, eta horiek ere erakusketan ikusgai egongo dira.
Marra eta hizki deserosoak zure erakusketa ere ikusgai dago domekara arte udal erakusketa aretoan.
Ondarroako bakarrik egiten dudan estreinako erakusketa da. Batez ere, azken 10-12 urteotan egindakoaren laburpen bat ikusi daiteke bertan. Horrez gain, han-hemenka publikatu ditudan lanak ere ikusgai daude.
Zeintzuk, esaterako?
Deustuko Berbaizu Euskara Elkartearen Prest aldizkarian argitaratutako lan batzuk daude, besteak beste. Aldizkari horretan marrazten aritu nintzen bost bat urte. Beste aldizkari batzuetarako egindako lanak ere ikusteko aukera dago, baita Miren Olatu bildumako lan original batzuk ere. Erakusketarako espreski sortu ditudan lanak ere ikusi daitezke. Han-hemenka egin ditudan grafiti batzuen argazkiekin borobildu dut erakusketa.
Ez dakit nola azaldu eta zein den nire estiloa, baina jendeak azkar identifikatzen ditu nire lanak
Lanbidez marrazkilaria ez bazara ere, ibilbide luzea egin duzu.
Fanzine txikietan asko publikatu dut, baina beti kolaborazioak izan dira, modu ez profesionalean. Eibarko Porrot fanzinean hasi nintzen duela 30 bat urte. Gerora, El Tubo, La Gallina Vasca eta Prest aldizkarietan ere parte hartu nuen. Kale gorria aldizkariaren azken alean ere parte hartu nuen, baina, zoritxarrez, aldizkaria itxi egin behar izan zuten Auzitegi Nazionalaren aginduz.
Zer da zuretzako marraztea?
Gauza askoren batura dela esango nuke, baina marrazkigintzak, batez ere, zaletasuna eta bizioa uztartzen dituela esango nuke, eta hori guztia, nire barrukoa edo nahi dudana adierazteko erabiltzen dudala. Denborapasa ederra da niretzat; orduak eta orduak ematen ditut marrazten, eta niretzako terapia antzerako bat da.
Bakarka ere album bat kaleratu duzu.
Miren Olatu bildumaren aurretik, Relatos incomodos kaleratu nuen 2019an. Lan berezia da niretzat. Nire lagunak elkartu, eta 50. urtebetetze opari modura crowfunding bat egin zuten; diru hori, hain zuzen, albuma kaleratzeko batu zuten euren bostean. Lagun bati esku artean nuen proiektua erakutsi nion, eta berak ezer esan gabe, diru bilketaren kontua antolatu zuen isilean. Batutako diruagaz DDTra joan ginen, eta eurek ere parte hartu zuten; maketazioagaz eta inprentakoekin harremantzeaz ere eurak arduratu ziren.
Zure lanak badauka estilo propiorik?
Ez dakit nola azaldu eta zein den nire estiloa, baina jendeak azkar identifikatzen ditu nire lanak; gehiegi apainduta egoten direla esango nuke. Orrialde guztia erabiltzea gustuko dut, eta batzuetan muga gainditzen dut.
Deustun bizi izan nintzen hamar urtez, eta gaztetxean lehenengo pankartak egiten hasi nintzen, baina handik hormetara jauzi egin nuen
Marrazkiak eskuz egiten dituzu ala teknologia berrietaz baliatzen zara?
Nire lanak eskuz egiten ditut, eta hori nire lanaren beste ezaugarri eta bereizgarri bat izan daiteke. Ez dut ordenagailurik eta halakorik erabili nahi, nahita egiten ditut lanak eskuz. Marrazteko nire tresnak folio bat, arkatza eta borragoma dira, eta egindakoa boligrafoagaz eta errotuladoreekin osatzen dut. Teknologia bakarrik eskuz egindakoa eskaneatzeko erabiltzen dut. Jakitun naiz eskaneatutako lana Photoshop eta antzeko programekin landu eta hobetzea badagoela, baina lanak berezko esentzia eta nortasuna galduko lituzkeela iruditzen zait.
Zure lana ez da bakarrik paperera mugatzen. Horma irudiak eta grafitiak ere egiten dituzu, ezta?
Aspaldi hasi nintzen. Deustun bizi izan nintzen hamar urtez, eta gaztetxean lehenengo pankartak egiten hasi nintzen, baina handik hormetara jauzi egin nuen. Bartzelonako grafitigile bat etorri zen Basati kanpoko grafitia egitera, eta harengandik ere asko ikasi nuen. Askotariko lanak egin ditut. Ondarroan, esate baterako, Zaldupeko eskolan, Gaztetxean eta Arrigorri hondartzaren inguruan egin ditut lanak, Bilbon ere bateren bat egin dut; aukera daukadan guztietan zerbait egiten saiatzen naiz.
Grafitiak egiterako garaian, zelan marrazten duzu edo zein teknika erabiltzen duzu?
Aurretik zirriborro bat egiten dut paper batean, baina gero espraiagaz zuzenean marrazten dut horman, grafitigile guztien antzera.